Sinadura
Amagoia Gurrutxaga
'Selma Huxley'
Gaur egungo distopiak eta Selma Huxleyren heriotza izan ditu hizpide Amagoia Gurrutxaga kazetariak.
-
Amagoia Gurrutxaga
2:48 min
"Bai mundu berria. Nobela distopikoa. Londresen dago kokatuta, 2540. urtean. Osasuntsu eta teknologikoki garatuta bizi da jendea bertan, kezkarik, gerrarik eta pobreziarik gabeko gizartean, zientziari, literaturari, arteari eta beste hainbat arlori uko eginda. 1932an idatzi zuen lan hori Aldous Huxleyk; Zamorako espetxean preso zegoela euskaratu zuen Xabier Amurizak; 1971n ikusi zuen argia itzulpenak. Bai normaltasun berria garaiotan, itzulpen hori eta Georges Orwellen 1984 eta Ray Bradburyren Farenheit 451 irakurri nahi ditut. Oraintxe bertan, errazago sartzen zait fikzio deklaratua errealitate ustekoa baino. Ezin ihes egin zaparradari, baina. Eta eguneroko proposamen inprobisatu, boterekeria ziniko eta datu interesatu saltsatan igerian ari zarela, halako batean, Osakidetzako larrialdi zerbitzuetako buruak dimititu egin duela esaten dizute. Konfinamendua hautsi, oporretako etxera joan eta harrapatu egin zutelako. Txantxa merkea dirudi, baina egia da. Kargudun jaunak dimisioa eman aurretik Nekane Murga sailburuak egindako adierapenak leitzen hasten zara segidan, eta, tira, ordenagailua itzaltzea erabakitzen duzu. Baina, hara hor, ixkin batean, atzendutako albisteen artean, Selma Huxley handia hil dela diotsu titular labur batek". Honelaxe hasi du 'Faktoria' saioko ''Sinadura'' Amagoia Gurrutxaga kazetariak.