Itxi

Faktoria

COP26

Unai Pascual, BC3: "Sistema ekonomiko harrapakari hau irauli gabe, klima larrialdia ez da amaituko"

MIkel Rotaetxe | EITb Media

Glasgowko COP26 goi bilera hasi berritan, egiturazko aldaketen alde egin du Faktorian Unai Pascual BC3ko ikerlariak. Urtero, gas-isuriak % 7 murriztu behar direla dio, eta premiazko jo du energia-kontsumoa gutxitzea.

  • COP26

    COP26

    29:55 min
imagen player
imagen player
imagen player

Munduko 190 estatuko 120 agintari bildu dira Eskoziako Glasgow hirian, NBEn COP26 biltzarrean. Pandemia-osteko erregaien eskasiak eta muturreko meteorologia-fenomenoek planeta erasanda elkartu dira, 2015eko Parisko Itunean adostutako konpromisoei bultzada emateko. Unai Pascual ingurumen ekonomialariak eta BC3 Klima Aldaketarako Euskal Zentroko ikerlariak "Faktoria"n azaldu duenez, abiapuntua ez da ona: "Paristik hona isurtzeak areagotu egin dira eta oso herrialde gutxik zapaldu dute balazta; urte luzez nozituko ditugu ondorioak".

Azaldu duenez, urtero % 5 eta % 7 artean murriztu behar dira gas isurtzeak, 2015ean agindutako helburuak betetzeko: "Pandemia-urtean murriztu dena murriztu behar dugu, urtez urte, eta izurriterik gabe". Bide horretan, ezinbesteko jo du CO2a isurtzeko bideak garatzea: "biomasa handitzea behar da eta xurgatzea ahalbidetzeko teknologia areagotzea, oso urrun baikaude".

Neurri horiez harago, ekoizpen- eta bizimodu-sistemak irauli behar direla gogoratu du Pascualek. "Sistema ekonomiko harrapakari hau irauli gabe", ikerlariak dio klima larrialdia ez dela amaituko, eta des-hazkundearen aldeko apustua egin du: "energia berriztagarriak ez dira nahikoak, eta energia gutxiago kontsumitzeko bideak landu behar dira ezinbestean".

Txina eta lobby-ak

Glasgowko bileraren ertz geopolitikoari heldu dio, bere aldetik, Mikel Reparaz ETBko nazioarteko arlo-buru eta Faktoriako kolaboratzaileak. Xi Jinping presidenteak gonbitari uko egin dion arren, Reparazek gogoratu du Txinak "diskrezioa" hobetsi ohi duela eta bat egin duela COP26en helburuekin. Lobby eta presio-agenteen eraginaz, berriz, kazetariak nabarmendu du nazioarteko korporazio handiak "sutsu" ari direla, Glasgowen bertan, euren interesak defendatzen. Presio horrek azken akordioa baldintza dezakeela gogoratu du, baina aditu askok diotena ekarri du gogora: "hobe da kutsatzaileak gertu egotea, kanpoan egotea baino"