Itxi

Irratia

EGM-REN DATUAK

500.000 entzuletik gora EiTBko irratientzat EGMren neurtaldiaren arabera

EiTB.EUS

Taldeko bost irratiek (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta EiTB Musika) nabarmen egin dute gora iazko aldi bereko datuekin alderatuta.

EiTBko irrati multzoak (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Radio Vitoria, Gaztea eta EiTB Musika), oro har, 502.000 entzuleko audientzia dute astelehenetik ostiralera bitartean EAEn eta eragin eremuan. Estudio General de Mediosek (EGM) asteazken honetan (apirilak 19) eman ditu jakitera 2017. urteko lehenengo neurketaren emaitzak. Azpimarratzeko modukoa da EiTB Taldeko bost irratiek egin duten gorakada, iazko epe bereko datuekin alderatuta.

Datuak irratiz irrati aztertuta, Radio Euskadik 199.000 entzule ditu astelehenetik ostiralera bitartean, iazko urteko lehen neurtaldian baino 18.000 entzule gehiago, alegia.

Euskadi Irratiak, orobat, 131.000 entzule ditu egun horietan, 51.000 entzule irabazita, iazko aldi bereko datuekin alderatuta.

Gazteak, halaber, 109.000 entzule ditu aste barruan, eta lider izaten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan, irrati musikalen artean astelehenetik igandera bitarteko tartean.

EiTB Musikak ere, gora egin du, 37.000 entzule eskuratuta.

Horrez gain, Radio Vitoria EiTBren irrati arabarrak 26.000 entzule bereganatu ditu astelehenetik ostiralera, eta 39.000 entzule, berriz, astelehenetik igandera.

1.169.000 ikusle eta entzule EiTB Taldearentzat

Gorako joera erakutsi du, berebat, EiTB Taldeak irratia eta telebista batuta, astelehenetik igandera, 1.169.000 ikusle eta entzule lortuta.

Estudio General de Mediosek hiru neurtaldi egiten ditu urtean. Elkarrizketa pertsonal eta telefono deien bidez neurtzen ditu Estatu espainiarreko hedabide guztiek duten jarraitzaile kopurua.