Beste kirolak
Eskubaloia
Bidasoa Irunek bideratuta utzi du Europa Ligara sailkatzeko kanporaketa, ABC Braga 35-26 menderatuta
Agentziak | EITB
Alex Mozasen taldeak partida oso ona jokatu du Artalekun, eta 9 goleko abantaila izango du Portugalen jokatuko duen itzulerako neurketa erabakigarrian.
-
Irudek Bidasoa-Irungo jokalariak garaipena ospatzen. EITB
Irudek Bidasoa Irunek eskura du Europa Ligako multzoen faserako sailkatzea, gaur, Artalekun, Portugalgo ABC Braga taldea nagusitasun handiz menderatu eta gero (35-26).
Alex Mozasek zuzentzen duen taldea indarrean hasi da, eta berehala jarri da 5-1 markagailuan, erasoan nahiz defentsan bikain arituta. Mario Nevado nabarmendu da aurrean; atzean, berriz, Leo Maciel atezaina.
Lehen zatiaren erdialdean, portugaldarrek aldea murriztu dute (8-6), eta hori izan da norgehiagokan etxeko taldeak izan duen unerik okerrena. Ondoren, baina, 12-7koa jarri du markagailuan, eta hortik aurrera ez dio inolako aukerarik eman aurkariari.
Aldageletatik bueltan, etxeko taldea erasokor atera da, eta neurketaren azken txanpan beste ahalegin bat egin du, ahalik eta alderik handiena lortzeko datorren asteburuan Portugalen jokatuko duen itzulerako partidarako.
FITXA TEKNIKOA
35- Irudek Bidasoa Irun: Maciel (1), Skrzyniarz ; Dariel Garcia (2), Nevado (3), Gorka Nieto (3, 1 penaltiz), Rodrigo Salinas (5), Xabi Gonzalez (3), Peciña, Jevtic, Furundarena (1), Mujika (6), Esteban Salinas (2), Mielczarski (1), Xabi Tua (2), Nacho Valles (5, 3 penaltiz), Tito Diaz (1).
26 - ABC Braga: Humberto Gomes, Tiago Ferreira; Tomas Ferreira, De Campos (1), Gonzalo Gomes, Meireles (9, 6 penaltiz), Gamboa (4), Martins (1), Pando Vieira (2), Manso, Molis (1), Neves, Magalhaes (5), Vasconcelos (3).
Epaileak: Bozhinovski eta Nachevski (Ipar Mazedonia). Nevado (2), Dariel Garcia (2), Tito Diaz, Jevtic, Molis, Gamboa (2), Manso eta Pando Vieira egotzi dituzte.
Markagailua (bost minututik bost minutura): 3-1, 6-3, 9-6, 10-7, 14-10, 16-11 (atsedenaldia); 19-13, 22-17, 24-19, 26-20, 30-22, 35-26.

