Beste kirolak
Larunbatean, 09:15ean
Mendi lasterketen mundua, Gorbeia Suzieneri begira
Amaia Larruzea
Zeanuri (Bizkaia) munduko goi-mailako mendi lasterketen erreferentzia bilakatuko da larunbat honetan.
-
Aritz Egea lasterketa buru, iazko edizioaren irteeran. Argazkia: Amaia Larruzea
Bihar, larunbata, Gorbeiako gurutzea eta berau osotzen duten inguruak inoiz baino dotoreago esnatuko dira, bertan egingo den probarik ezagunenari merezitako ongi etorria emateko; hain zuzen ere, Gorbeia Suzienen III. edizioari. Proba munduko lasterketa garrantzitsuenen artean egongo da, eta bertako emaitzak kontuan hartuko dira, aurtengo korrikalari onenen podiuma egiteko.
Ikaragarria da Suzien Mendi Taldekoek hiru edizio hauetan burutu duten garapena eta zabalkundea. Esfortzua izan dute bidelagun hilabete guzti hauetan, eta ia Zegama-Aizkorrin bizi izan ziren emozio eta jarraipena espero dira. Zaleek badute non ibili eta animatu, probaren perfilak horretarako beta ematen baitu: 32 km eta 2.300 metroko gainbehera positiboa, eta Lekanda, Gorbeia eta Dulau mendiak igo beharko dira. Aurton zati teknikoagoa gehitu dute eta baita desnibela handitu ere, Gorbeia Suzien Euskal Koparen azkenengo proba puntuagarria izateaz gain, "Skyrunner National Championship" Munduko Kopa ere izango da. Beraz, euskal proba hau nazioarteko proben parean egongo da, alegia ISFren (International Skyrunning Federation) zirkuituan.
Honek, jende askoren ikusmina erakarri du eta bertan parte hartzea gura izatea. Horren isla izan da aurtengo dortsalen salmenta, 9 egunetan bukatu baitziren 550 dortsalak. Egutegian letra larriz apuntatu zuten data ordutik lasterkariek, eta askok denboraldi gogor bati amaiera bikaina eman nahian dabiltza entrenatzen. Horretarako, antolatzaileek Oihana Kortazar entrenatzaile pertsonala eta Aritz Urdanpilleta nutrizioan aditua izan dituzte kide, eta aholkulari, prestakuntza hilabete guzti hauetan.
Larunbaterako dena prest dago jada, baita eguraldia ere. Tenperaturek gora egingo dute eta ez du euririk egingo. Sasoi zoragarria inguruneen kolore eztandaz gozatzeko, eta lokatz artean ibiltzeko.
Amaitzeko, txapelketa bat gutxi dela uste omen dute arratiarrek, eta bi egin dituzte. Lasterketa eta mendi martxaz gain, Lekandako Kilometro Bertikala ere egongo baita, eta perfila zoratzekoa da, hain zuzen ere, 5 km eta 1000 metroko gainbehera positiboa. Beraz, emozioak ez dira faltako biharko hitzorduan.