Beste kirolak
Munduko txapelketa
Gatlin gainditu eta 100 metrokoaren tituluari eutsi dio Boltek
Agentziak | Erredakzioa
Jamaikarrak munduko txapelketetan irabazi duen urrezko bederatzigarren domina da. Beste inork baino gehiago irabazi ditu, Carl Lewis eta Michael Johnson historikoek zortzina baitituzte.
-
Usain Bolt 100 metrokoetako errege izaten jarraitzen du. Efe.
Usain Bolt jamaikarrak zalantza guztiak uxatu ditu, eta 100 metroko probaren munduko tituluari eutsi dio urteko bere markarik onena eginda: 9.79. Ehunen bakarra atera dio Justin Gatlini, azken bi denboraldietako gizon azkarrenari, faborito nagusia askorentzat estatubatuarra bazen ere.
Trayvon Bromell estatubatuar gazteak eta Andre de Grasse kanadarrak irabazi dute brontzea, denbora bera egin baitute biek: 9.92. Tyson Gay, 100 metrokoan historiako bigarren atletarik azkarrena, berriz, seigarren izan da.
Gaurko garaipenari esker, Boltek beste inork baino urrezko domina gehiago irabazi ditu munduko txapelketetan, bederatzi baititu jada; Carl Lewis eta Michael Johnson historikoek zortzina dituzte.