Beste kirolak
Tenisa
Kerberrek ustekabeko garaipena lortu du Australiako Irekian
Agentziak | Erredakzioa
Alemaniarrak ustekabea eman du finalean eta Serena Williamsi gailendu zaio, hiru setetan (6-4, 3-6 eta 6-4).
-
Angelique Kerber, txapeldunaren garaikurra jaso ostean. Argazkia: EFE.
Angelique Kerber alemaniarrak ustekabeko garaipena erdietsi du Australiako Irekiaren finalean; izan ere, Serena Williamsi gailendu zaio, alegia, munduko 1. zenbakidunari, hiru setetan (6-4, 3-6 eta 6-4). Partidak bi ordu eta laurdeneko iraupena izan du.
Kerberrek, hala, bizitza-profesionaleko partidarik garrantzitsuena irabazi du. Hirugarren setak ordubeteko iraupena izan du, eta sufritu egin du titulua eskuratzeko, hala ere; nabarmentzekoa da lehen kanporaketan galtzeko zorian izan zela, Misaki Doi japoniarraren aurka (partida-puntu bat gainditu zuen).
Lehen setean, Kerberrek sorpresa eman du, segurtasuna eta sendotasuna erakutsiz, eta 6-4koarekin itxi du 39 minututan; bigarren setean, baina, Williams hobeto ibili da, eta ordu erdia besterik ez du behar izan 6-3koa ezartzeko eta finala berdintzeko.
Azken setean, Kerberrek oso ondo jokatu du, eta, batez ere, huts gutxi egin ditu; horrela lortu du estatubatuarra menderatzea.
Hutsak, gakoa
Serena Williamsek 47 kolpe irabazle eman ditu, eta 46 huts egin; Angelique Kerberrek, bere aldetik, 25 kolpe irabazle kokatu ditu, eta bakarrik 13 huts izan. Hor egin liteke, neurri batean, alemaniarraren garaipenaren gakoa. Grand Slameko lehen titulua du Kerberrek.
"Nire bizitzako bi asterik onenak izan dira", adierazi du, poz-pozik, Kerberrek. Tituluaz gain, 2,2 milioi euroko saria ere izango du txapeldunak.