Beste kirolak
Boxeoa
Irabazlerik gabe amaitu da Golovkin-'Canelo' Alvarez borrokaldia
eitb.eus
Boxeolariak eta zaleak errebantxa eskatzen ari dira.
-
Golovkin eta 'Canelo' Alvarez. Argazkia: Efe.
Berdinketa erabaki dute epaileek bart goizaldean Las Vegasen, GENNADY GOLOVKINek eta SAUL “SANELO” ALVAREZek jokatutako munduko txapelketan.
Norgehiagoka bikaina izan da eta bereziki azken asaltoetan oso gogorra. Bi boxeolarien maila ezagututa hori itxaroten zuten boxeozaleek eta alde horretatik asetuta gelditu direla esan daiteke, baina, agian, emaitza ez zen inoren gustokoa izango.
Dave Morettik GOLOVKIN jo du irabazletzat: 115-113. Don Trellaren ustez inor ez da gailendu: 114-114 eta ADALAIDE BYRDek, ostera, "CANELO" ALVAREZ ikusi du irabazle 118-110 puntuazioarekin.
Gehiegizkoa denen iritziz eta horregaitik, GOLOVKINen laguntzaileek ikerketa eskatu dute. Edozein modutan, emaitza honekin, kazaztandarrak pisu ertaineko hiru gerrikoei eutsi die(IBF + WBA+WBC).
Guztira, 20 bider izan da txapeldun pisu horretan eta gaur egungo bere marka hauxe da: 37-0-1 33 k.o-rekin. SAUL "CANELO" ALVAREZek, aurrez superwelter pisuan zazpi aldiz eta ertainean beste bitan munduko txapeldun izandako mexikarrak, bere burua irabazletzat ikusi du, baina gerrikorik gabe gelditu da. Bere palmaresak hauxe dio: 49-1-2 34 k.o-rekin.
Norgehiagoka honen ostean, mundu guztia errebantxa eskatzen ari da. Bi boxeolariak prest daude, boxeozaleak desiatzen.
T-Mobile Arenan egindako boxeo-saioko beste emaitza batzuk hauek izan dira:
JOSEPH DIAZek erraz menperatu du RAFAEL RIVERA eta GARY RUSSELLen aurka jokatuko du luma pisuko munduko txapelketa.
Borrokaldirik galdu gabeko boxeolarien arteko neurketan, DIEGO DE LA HOYAk puntuetara irabazi dio RANDY CABALLEROri eta orainarteko norgehiagoka guztiak irabazi dituen RYAN MARTINek, asko kostata irabazi dio FRANCISCO ROJOri, epaile batek mexikarra ikusi baitu irabazletzat.