Itxi

Beste kirolak

Burlatan

San Inazio beisbol taldeko jokalari bati eraso egin diote bate batez

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Bilboko taldeko kideari hainbat kolpe jo zizkion etxeko taldeko zale batek, CD Pamplonaren eta San Inazioren arteko lehia amaitu ostean.

Bilboko San Inazio beisbol taldeko jokalari bati ebakuntza egin beharko diote, igande honetan bere taldeak Burlatan jokatu zuen Ohorezko Mailako partidaren ostean pairatu zuen erasoa dela-eta. Bilbotarrek CD Pamplona taldearen aurka jokatu zuten, eta etxekoen zale batek hainbat kolpe (horietako bat buruan) eman zion bate batekin jokalari bilbotarrari. Jasotako kolpeen ondorioz, kubitu hezurra apurtuta dauka. Erasoa talde biek elkarren aurka jokatu zituzten bi norgehiagoken ostean gertatu zen.

Gertakariaren ostean, Nafarroako hiriburuko ospitale batera eraman zuten zauritua, bertan artatu eta probak egiteko asmoz. Proba horiek argitara eman zutenez, San Inazioko jokalariak ez du lesiorik buruan, baina kubitu hezurrean haustura bat duela azaldu zuten. Hala eman du jakitera Kepa Pocero San Inazio taldeko entrenatzaileak Radio Popular irratiko mikrofonoetan.

"Atzo buruko kolpeagatik geunden arduratuta, baina OTA probak ez zuen kalterik azalarazi, eta pozik gaude kubitua besterik ez duelako hautsita", adierazi du Pocerok. Azpimarratu duenaren arabera, gertaerak "ez du loturarik kirolarekin" eta "ez du inolako zerikusirik Pamplona taldearekin".

"Neurketa amaitzean, guztiok elkar agurtu ginen, baina publikoa sar daitekeen korridore batean burugabez osaturiko talde batekin egin genuen topo. Tirabirak egon ziren, baina dena lasai zirudienean, zoro bat agertu zen beisboleko bate batekin. Gainez eginda gaude alderdi guztietatik. Gertaera izugarria izan zen", azaldu du bilbotarren entrenatzaileak.

Talde nafarrak ohar bat eman du argitara gertaerak gaitzetsi eta San Inazio taldearen zein jokalariaren esanetara jartzeko. Horrez gain, erasotzailea klubaren parte ez dela nabarmendu nahi izan du. "Erasotzailea zein harekin zihoazenak ez dira klub honetako kideak, eta ez dituzte taldeko balioak ordezkatzen. Horrenbestez, neurriak hartuko ditugu zelaitik gehiago ager ez daitezen. Atzo arratsaldean, bertan zeuden lekukoen laguntzari esker, erasotzailea atxilotu egin zuten eta agintarien eskuetan jarri", gaineratu du CD Pamplonak ohar horretan.