Beste kirolak
One Wall
Beldarrainek eta Ziarrusta anaiek maila bikaina eman dute Dutch Open txapelketan
eitb.eus
Ekhi Ziarrusta finalerdietara iritsi da A mailan, bere anaia Lur Ziarrusta final-laurdenetan kanporatuta. Mikel Beldarrain txapeldun izan da B mailan eta finalerdietara iritsi da A mailako Binakakoan.
-
Ekhi Ziarrusta, Mikel Beldarrain, eta Lur Ziarrusta. Argazkia: M.B.
Asteburu honetan egin da Euro1Wall Dutch Open txapelketa, Herbehereetako Franeker herrian eta euskal pilotariek maila bikaina eman dute Europako eta Ameriketako One Walleko jokalari onenak egon diren txapelketan.
Ekhi Ziarrusta , Lur Ziarrusta eta Mikel Beldarrain bizkaitarrek hartu zuten parte. Ekhi eta Lur Ziarrusta anaiek A mailako Banakako Txapelketan parte hartu zuten. Dimako (Bizkaia) bi pilotariek aise gainditu zuten multzoen fasea, baina elkarren aurka jokatzea egokitu zitzaien final-laurdenetan. Ekhik lortu zuen garaipena Lurren aurka (25-14). Finalerdietarako txartela lortu zuen Ekhik, baina ezin izan zuen Puerto Ricoko Wally Amaro gainditu (25-16). Ondoren, Amarok irabazi zuen txapelketa, finalean Sacha Kruithof Perello Alacanteko pilotaria menderatuta (25-12, 22-25 y 15-4).
B mailako Banakako Txapelketan hartu zuen parte Mikel Beldarrainek. Arteako (Bizkaia) pilotariak ez zuen arazorik izan multzoen fasean aurrera egiteko, eta final-laurdenak ere nahiko eroso gainditu zituen. Finalerdietan Terry Mcelvaney izan zuen aurkari, eta 15-16 galtzen zoan zen arren, emaitza irauli eta finalerako txartela lortu zuen, 21-16ko emaitzarekin irabazita. Finalean Karel Monfils holandarra izan zuen aurkari Beldarrainek, eta, garaipena lortu zuen (21-13 eta 21-14). Beraz, txapelduna izan zen.
Binakako Txapelketa
Arratiako (Bizkaia) hiru pilotariek parte hartu zuten Binakako Txapelketan. Ekhik eta Lurrek, Ziarrusta anaiek, bikotea osatu zuten. Mikel Beldarrainek, aldiz, Vincent Pozzebon belgikarrarekin batera jokatu zuen.
Ziarrusta anaiei multzo zaila egokitu zitzaien, eta azken partidara arte sailkapena lortzeko borrokan ibili ziren arren, ezin izan zuten finalerdietarako txartela lortu. Beldarrainek eta Pozzebonek, aldiz, euren multzoko lehen postua eskuratu zuten, eta finalerdietara sailkatu ziren.
Finalerdietan, Daniel J Grant eta Luke Thomson britainiarrak izan zituzten aurkari euskal pilotariak eta belgikarrak osatutako bikoteak. Mikel Beldarrainek eta Vincent Pozzebonek galdu egin zuten finalerdietako partida ingelesen aurka (25-16), eta finalaren atarian geratu ziren.
Finalean, Daniel J Grant eta Luke Thomson bikoteak lortu zuen garaipena, Sacha Kruithof Perello espainiarrari eta Sebastien Potiez belgikarrari irabazita.
SAILKAPENAK:
A mailako gizonezkoen Banakako Txapelketa:
1. Wally Amaro (P. RICO)
2. Sacha Perelló Kruithof (ESP)
3. Ekhi Ziarrusta Intxaurtza EUS)
3. Kees van der Schoot (NL)
B mailako gizonezkoen Banakako Txapelketa:
1. Mikel Beldarrain Emaldi (EUS)
2. Karel Monfils (NL)
Emakumezkoen A mailako Banakako Txapelketa:
1. Marrit Zeinstra (ING)
2. Miranda Scheffer (NL)
Gizonezkoen A mailako Binakako Txapelketa:
1. Daniel J Grant (ING) – Luke Thompson (ING)
2. Sacha Kruithof Perello (ESP) – Sebastein Pitiez (BEL)
3. Mikel Beldarrain Emaldi (EUS) – Vincent Pozzebon (BEL)
3. Wally Amaro (P. RICO) – Herman Mendez (P. RICO)
Emakumezkoen A mailako Binakako Txapelketa:
1. Anne Monfils (NL) – Marrit Zeinstra (NL)
2. Miranda Scheffer (NL) – Harmke Siegresma (NL)