Itxi

Beste kirolak

Europako Txapelketa

Asier Martinez nafarra, laugarren 60 metroko hesidun proban

A. A. | EITB MEDIA

Iruindarra brontzezko dominatik 4 ehunenera geratu da, Torunen (Polonia) jokatutako pista estaliko Europako Txapelketan.

  • Asier Martínez

    Asier Martínez, sailkapeneko probetan. Argazkia: EFE

Asier Martinez iruindarrak, 60 metroko hesidun probako Espainiako txapeldunak eta 23 urtez azpiko Espainiako markarik onena duenak, amaiera bikaina eman dio Torungo (Polonia) pista estaliko Europako Txapelketari, 60 metroko hesidun probako finalean laugarren postua lortu baitu, brontzezko dominatik lau ehunenera.

Wilhem Belocian frantziarrak eskuratu du urrezko domina (7.42); Andrew Pozzi britainiarrak (munduko txapelduna), zilarra (7.43) eta Paolo dal Molin italiarrak, brontzea (7.56).

Korrikalari nafarrak (20 urte) bikain bete du Orlando Ortega txapeldunorde olinpikoaren hutsunea, zeinak uko egin zien txapelketa hauei lesio bategatik, Tokioko Olinpiar Jokoetara bideratutako prestakuntza arriskuan ez jartzeko.

Bere marka (7.61) bosgarrena zen zortzi finalisten artean. Asier 8. kaletik irten da, eta berehala sartu da lasterketan, oztopo bakoitzarekin aurrera eginez, helmuga laugarren postuan gurutzatu arte.