Itxi

Beste kirolak

Tenisa

Nadalek uko egin dio Wibledonen eta Olinpiar Jokoetan parte hartzeari

A. B. E. | EITB Media

Rafael Nadal tenislariak ez du aurtengo Londresko Grand Slama jokatuko eta Tokioko Olinpiar Jokoetan parte ez hartzea erabaki du.

  • Rafael Nadal

    Rafael Nadal, Roland Garroseko partida baten. Argazkia: EFE

Rafael Nadal tenislariak Wimbledoni eta Tokioko Olinpiar Jokoei uko egitea erabaki du, ostegun honetan sare sozialetan publikatu duen komunikatu baten bidez jakinarazi duenez.

Hauxe esanez zabaldu du oharra Manacorreko kirolariak: "Ekainaren 28an hasi eta uztailaren 11n bukatuko den Wimbledon txapelketa ez jokatzea erabaki dudala jakinarazi nahi dizuet. Gainera, uztailaren 24tik 30era artean jokatuko den Olinpia Jokoetako tenis txapelketari uko egitea erabaki dut".

"Gehiegikeriak ekidin nahi ditut eta horrexegatik hartu dut erabakia. Ezin dut neurrigabekeriarik egin, aurrerantzean titulu garrantzitsuak lortzeko lehian egon nahi badut. Ez da erabaki erraza izan. Nire gorputzak dioena entzunda eta nire taldearekin hitz egin ostean, erabaki egokia hartu dudala uste dut. Hartu beharreko erabakia izan da. Nire kirol ibilbidea luzatzeko asmoak, maila gorenean lehiatzen jarraitzeak eta poztasuna ematen didana egiten segitzeko nahiak bultzatu nau erabaki hau hartzera", adierazi du Nadalek.