Itxi

Beste kirolak

BALIZKO ATENTATUA

Dakarreko zuzendariak ez dauka buruan lasterketa bertan behera uztea auto batean izandako leherketaren ondoren

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Joan den astean gertatutako eztandak zauri larriak eragin zizkion Frantziako talde bateko pilotu bati, eta atentatu terrorista bat izan daitekeen "hipotesiarekin" ari dira lanean.

  • 2022ko Dakar lasterketako parte-hartzaileetako bat.

    2022ko Dakar lasterketako parte-hartzaileetako bat. Argazkia: EFE

David Castera Dakar Rallyko zuzendariak ostiral honetan adierazi duenez, ez dute Saudi Arabian korritzen ari den lasterketaren aurtengo edizioa geldiarazteko asmorik. Hala erantzun die Jean-Yves Le Drian Frantziako Atzerri ministroaren adierazpenei, abenduaren 30ean Philippe Boutron pilotu frantziarraren ibilgailuan gertatutako eztandaren harira egindakoei, hain zuzen ere.

"Gaur gaurkoz, aukera hori ez dago mahai gainean, elementu gehigarririk ez dagoelako. Kontua da jakitea zer gertatu zen abenduaren 30ean", esan zuen France TV Sport katean.

Casterak azaldu duenez, lasterketako antolatzaileek eta Saudi Arabiako agintariek segurtasun-neurri osagarriak jarri dituzte martxan, batez ere kanpamenduetan, irteeretan eta helmugetan.

Ostiral honetan BFM TV telebista-kateari eskainitako elkarrizketa batean, Le Drianek esan du nahiago izango zukeela Dakarra gelditu izan balitz, Boutron frantziarraren ibilgailuan izandako leherketaren ostean. Izan ere, premiazko ebakuntza egin behar izan zioten gidariari, hanketan zauri larriak izan ondoren, eta hainbat egun koman eman zituen.

Terrorismoaren aurkako Frantziako Fiskaltza gertatutakoa ikertzen ari da, eta Gobernuak baieztatu du leherketa atentatu bat izan zen susmoa duela, eta ez istripu bat, hasiera batean Saudi Arabiak azaldu zuen bezala.

Casterak onartu du atentatuaren hipotesia baieztatzen bada, Saudi Arabiarekin sinatutako bi urteko kontratuaren jarraipena kolokan egon daitekeela.

"Elementu horiekin guztiekin, egia da galderak planteatzen direla. Oraingoz, erantzun guztiak izan arte, itxaron egin behar da. Amaitu dezagun lasterketa hau eta ikusiko dugu aurrerago", iritzi dio.

"Kirola egiten badugu, gure pasioa gozatzeko eta bizitzeko da, ez atentatu baten biktima izateko, hala badagokio. Tristura izugarria da. Gure pentsamenduak berarekin daude", gehitu du.