Itxi

Beste kirolak

BOXEOA

Kerman Lejarraga Ingalaterran ari da prestatzen azaroaren 12ko itzulera

AGENTZIAK | EITB MEDIA

'Morgako errebolberra' ringera itzuliko da, James Metcalf ingelesaren aurka duela hiru urte estreinatutako kategorian lehen porrota jaso eta bost hilabetera.

  • Kerman Lejarraga, James Metcalfen aurkako azken borrokaldian

    Kerman Lejarraga, James Metcalfen aurkako azken borrokaldian. Argazkia: EFE

Kerman Lejarraga boxeolari bizkaitarra Brightonen (Ingalaterra) ari da entrenatzen, datorren azaroaren 12an ringera itzultzeko asmoz, Bilboko Casilla pabiloian. Hala jakinarazi du astearte honetan Euskobox enpresak.

Lejarragak Ibon Larrinaga entrenatzailearekin batera bidaiatu du, eta, dagoeneko, osatu ditu lehen lan-saioak bost aste barru izango duen borrokaldiari begira. Erresuma Batuko pisu ertaineko sailkapenaren buruan dagoen Chris Eubank Jr. boxeolariarekin batera ari da jardunean. Eubanek asteburu honetan bertan dauka borrokaldi bat Londresko O2 aretoan, oraindik galtzea zer den ez dakien Conor Bennen aurka.

Europako txapeldun bi mailatan (welter eta superwelter) izandako 'Morgako errebolberra' Bilboko pabilioi ospetsura itzuliko da, James Metcalf ingelesaren aurka duela hiru urte estreinatutako kategorian lehen porrota jaso eta bost hilabetera, hain justu.

Bilboko borrokaldi horretan, Andoni El Macho Gago boxeolari bilbotarra ere arituko da oraindik argitzeke dagoen aurkari baten kontra.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena