kirolak
Ostegunean, prentsaurrekoa
Alex Txikon, etxean
eitb.eus
Nanga Parbat, neguan igo barik zegoen zortzimilakoa, igo zuen joan den hilean, eta gaur heldu da Euskadira.


Otsailaren 26an zapaldu zuen Alex Txikonek Nanga Parbat mendiko gailurra, eta gaur heldu da Bilboko Aireportura, Loiura. Lemoarraren lehenbiziko adierazpenak, berriz, ostegunean entzungo ditugu, eitb.eus-ek zuzenean eskainiko baitu Bilbon emango duen prentsaurrekoa, Nanga Parbat mendira neguan egindako lehen igoera baloratzeko eta kazetarien galderei erantzuteko.
Txikonek ekintza gogoangarria egin du, Nanga Parbat neguan lehen aldiz igota
Alex Txikon mendizale bizkaitarrak eta bere hiru lagunek balentria egin zuten Nanga Parbat 8.126 metroko mendia neguan lehen aldiz igota. Lemoarrak, Ali Sadpara pakistandarrak, eta Simone Moro eta Tamara Lungfer italiarrek atseden hartu zuten otsailaren 25ean, ostegunean, 4. kanpamentuan, eta 05:30 aldera abiatu ziren gailurrera biharamunean.
Mendizale euskalduna eta taldekideak 15:00ak aldera iritsi ziren gailurrera, Euskal Herrian 11:00ak zirenean.
4. kanpamentutik (7.200 metrora) egindako dei labur batean azaldu zuenez, lemoarra eta lagunak "pozik" zeuden, baina eguna "izugarri gogorra eta luzea" izan zen.
Nanga Parbat zen, K2rekin batera, neguan igo barik zegoen zortzimilako bakarra. Txikonek hamar zortzimilako igo ditu jada. Aurreko neguan, gailurra zapaltzea baztertu behar izan zuen bertara iristeko hiru ordu falta zitzaizkionean. Aurten, erronka gauzatzeko asmoarekin itzuli da, eta baita lortu ere.
#Txikon #Sadpara @morosimone #NangaParbat2016 #Winter TONTORREAN! ¡CUMBRE! SUMMIT!#Lunger stops some meters below pic.twitter.com/bnjdoKf09h
— Alex Txikon (@AlexTxikon) 26 de febrero de 2016