Itxi

kirolak

OSASUN TXOSTENA

Egan Bernal onera egiten ari da, azken ebakuntzak emaitza "bikainak" eman baititu

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Txirrindulari kolonbiarrak haustura ugari izan zituen urtarrilaren 24an autobus baten aurka talka egin ostean, Ineoseko kideekin entrenatzen ari zela.

  • Egan Bernal txirrindularia helmugan

    Egan Bernal hobetzen ari da. Irudia: EFE

Egan Bernal (INEOS Grenadiers) kolonbiarra bizkarrezurreko azken ebakuntzatik sendatzen ari da, emaitza "bikainak" izan baitzituen eta zonaldea arazorik gabe egonkortzea lortu baitzuen.

"Pazientea sendatzen ari da. Bizkarrezur zerbikalean egonkortasun biomekanikoa emateko helburua bete da, emaitza kliniko bikainak lortuta, kirurgian konplikaziorik izan gabe", adierazi du La Sabanako Unibertsitate Klinikak komunikatu baten bidez.

Zentro horretako zuzendari nagusiak, Juan Guillermo Ortiz Martinezek, gaineratu duenez, ebakuntzaren osteko bilakaeraren jarraipena egingo diote kolonbiar txirrindulariari, "emaitza kliniko onenak eta lehenbailehen sendatzea" lortzeko.

Zazpigarren ebakuntza egin aurretik, zentroak adierazi zuen txirrindulariaren politraumatismo horretan nahasitako alde guztiak (muskulu eskeletikoa, arnas aparatua, hemodinamikoa eta neurologikoa) hobera egiten ari direla, eta ebakuntzak suspertzeko prozesuari lagunduko diola.

Txirrindularia Kolonbiako Chia hiriko klinikan dago urtarrilaren 24an istripua izan, eta bizkarrezurrean lesioak eta femurrean eta belaunezurrean hainbat haustura egin zituenetik. 2019ko Frantziako Tourreko eta 2021eko Italiako Giroko irabazlearen denboraldia arriskuan jar lezake istripu larri horrek.