Itxi

X-deportes_cuatro y medio-X

X-deportes_cuatro y medio-X

Lau t'erdikoa

Lehenengo finalerdia

Peio Etxeberriak Lau t'erdiko Txapelketako finala jokatuko du, Jon Ander Peña finalerdietan garaituta (22-15)

EITB MEDIA

Partida parekatua izan da hasieran, baina lehenengo atsedenaldi luzearen ostean (10-12) nafarra zuloa egiten hasi da markagailuan, eta 7 tantoko aldearekin nagusitu da azkenean. Finala hilaren 19an jokatuko du, Jaka-Altua finalerdiko garailearen aurka.

1:26
Peio Etxeberria

Peio Etxeberriak Lau t'erdiko Txapelketako bere lehenengo finala jokatuko du, lehenengo finalerdian Jon Ander Peña 22 eta 15 mendean hartuta. Partida oso lehiatua izan da, lehenengo zatian batez ere, eta lehenengo tanto horietan egindako ahalegin fisikoak pilotariek bigarren zatian izandako errendimendua baldintzatu du.

Etxeberria eta Peña maisu dira sakean, eta biek erabaki bera hartu dute hasieratik: aurkariari azpitik jokatzea. Tolosarrak izan du neurketako lehenengo alde aipagarria (3-1), baina hasieran oreka izan da nagusi, eta tanto gogorrak eta lehiatuak izan dira. Ondorioz, markagailuan 4na, 5na, 9na eta 10na izan dira, eta finalerdia ez da lehen atsedenaldi luzearen ostera arte hausten hasi.

10 eta 11koarekin, Etxeberria bigarrenez jarri da aurretik, hasierako 0 eta 1ekoaren ostean, eta atsedenalditik bueltan lortu ditu alde esanguratsuenak (10-15, 12-18).

Aurreikusitakoaren aurka, nafarrak eta gipuzkoarrak ez diote elkarri min handirik egin sakearekin, aukeratutako pilotak agian beste batzuetan baino motelagoak izan direlako.

Partidaren lehenengo zatian egindako ahalegin fisikoaren ondorioak nabaritzen hasi dira, eta nekea nabarmenagoa izan da Peñaren kasuan. 12-18aren ostean, argi geratu da partida iraultzea ezinezkoa izango zuela gipuzkoarrak. Horrela, hiru tanto egiteko aukera baino ez du izan, aurkaria 22ra iritsi aurretik.

Emaitza horrekin, Peio Etxeberriak bere ibilbideko lehen finala jokatuko du Lau t'erdiko Txapelketan, azaroaren 19an. Jokin Altuna edo Erik Jaka izango du aurkari, biek neurtuko baitituzte indarrak igandean Eibarko Astelena pilotalekuan jokatuko duten bigarren finalerdian.

Partidako tanto guztiak: 0-1, 1-1, 2-1, 3-1, 3-2, 4-2, 4-3, 4-4, 4-5, 5-5, 5-6, 5-7, 5-8, 6-8, 7-8, 7-9, 8-9, 9-9, 10-9, 10-10, 10-11, 10-12, 10-13, 10-14, 10-15, 11-15, 12-15, 12-16, 12-17, 12-18, 13-18, 13-19, 13-20, 13-21, 14-21, 15-21, 15-22.