Pilota
Munduko Txapelketa 2025
Egun historikoa Euskal Selekzioarentzat WallBalleko Munduko Txapelketan: lau euskal pilotari finaletan
EITB Media
WallBalleko Euskal Selekzioak emaitza onak lortu ditu Leeuwardenen (Herbehereak) jokatzen ari den Munduko Txapelketan. Gizonezkoen finalean Beldarrain eta Amantegi ariko dira nor baino nor gehiago. Emakumezkoen finalean Larrarte eta Arrizabalaga lehiatuko dira.
-
Wallballeko Euskal Selekzioaren pilotariak eta hautatzaileak. Argazkia: EEPF
Abuztuaren 28a egun historikoa izan da Pilotako Euskal Selekzioarentzat WallBalleko Munduko Txapelketan, lau euskal pilotari finaletara sailkatu baitira. Hala, bada, Euskal Selekzioak bermatuta ditu txapelak emakumezkoen zein gizonezkoen mailetan.
Gizonezkoen mailako Banakako finala Mikel Beldarrainek eta Egoitz Amantegik jokatuko dute. Lehen finalerdian Beldarrainek eta Lur Ziarrustak euskal derbia jokatu dute, eta Mikel Beldarrainek bereganatu du garaipena (15-10 eta 15-11). Bigarren finalerdian Egoitz Amantegik finalerako txartela eskuratu du Britainia Handiko Luke Thomson menderatuta (6-15, 15-14 eta 9-5).
Emakumezkoen mailako finalean, aldiz, Miren Larrarte eta Olatz Arrizabalaga ariko dira nor baino nor gehiago. Gizonezkoetan gertatu bezala, emakumezkoen lehen finalerdian euskal derbia jokatu dute Larrartek eta Laia Salsamendik; Miren Larrarte sailkatu da finalera (15-12 eta 15-13). Beste finalerdian Arrizabalagak erakustaldia eman du Puerto Ricoko Desiree Torresen kontra (15-5 eta 15-6).


