Pilota
CaixaBank Mastersa
Zabala eta Mariezkurrena, CaixaBank Masterseko txapeldunak!
I. G. | EITB
Bikote urdinak 15-22 irabazi die Altunari eta Imazi partida oso bizian. Tanto luzeak jokatu dituzte eta asko borrokatu dira txapela lortzeko.
Javier Zabala eta Jon Mariezkurrena nagusitu dira 2025eko CaixaBank Mastersean, igande honetan Nafarroa Arenan jokatu den finalean Jokin Altuna eta Ander Imaz 15-22 garaituta.
Lehen tantoak gorriek egin dituzte (3-1), baina Zabalak eta Mariezkurrenak laster hartu dute jokoaren gidaritza, lehen aldea lortzeko (5-11). Altuna jokotik at mantentzeko helburuarekin, atzealdean kargatu dute jokoa, Mariezkurrenaren indarra baliatuta eta aurrean tantoak azkar bukatuta.
Partidak aurrera egin ahala, pilotariak nekea nabaritzen joan dira eta tantoak luzatzen hasi dira (11-16). Horrek aukera gehiago eman dio Altunari jokoan sartzeko, eta urdinekiko aldea txikituz joan dira pixkanaka (13-17).
15. tantoraino hurbildu dira Altuna eta Imaz (15-17), baina hortik aurrera Zabala eta Mariezkurrena nagusitu dira azken tantoraino, finala irabazteko (15-22).


