Pilota
Finala
Urrizak eta Labakak Binakako txapela berretsi dute (40-37)
EITB MEDIA
Zazpigarren txapela da Urrizarentzat eta, ondorioz, Zeberio berdindu du palmaresean, eta bikotekide berarekin irabazten duen bigarrena.
Javier Urrizak eta Jagoba Labakak iaz irabazitako txapela berretsi dute Erremonteko Binakako Txapelketako finalean Imanol Ansa eta Ibai Martirena 40 eta 37 gaindituta. Jokoa baino emozio gehiago izan du finalak, partida bihurria izan da. Gorriek markatu dute erritmoa baina urdinek bukaeran markagailua berdintzea lortu dute, eta aurretik ere izan dira 34-36 eta 36-37.
Azkenean, Ansak bi paretan egindako hutsak eta gorrien sendotasunak garaipena eman die gorriei, 4-0eko partzialari esker.
Aurtengoa Urrizak irabazten duen zazpigarren txapela da, eta Binakakoan titulu gehien dituen jokalaria da orain, Patxi Zeberiorekin batera. Hori bai, Labaka da iruindarrarekin txapela bat baino gehiago irabazi duen bakarra. Aurrekoetan, Lizaso, San Miguel, Etxeberria III.a, Barrenetxea IV.a eta Larrañaga izan zituen bikotekide.
Oraingoan, Iruñeko txapeldun handiak gogoz egin behar izan du lan. Atzelariak urduri aritu dira, eta erritmoa aurrelariak jarri dute. Partidak ez du jaberik izan markagailuan 15na jarri diren arte.
Hortik, Ansa eta Martirena 29 eta 22 aurreratu dira, baina gorriek sufritzen badakitela erakutsi dute. Gogor lan egin eta partida 30na jarri dute.
36nakoa Urrizaren pilotakada bortitz baten ondorioz iritsi da. 36-37koa Ansak egin du eta 37nakoa eta 38-37koa Urrizaren lanari esker iritsi dira. 39-37koan egon da partidaren gakoa, Ansaren kolpea gutxigatik kanpora joan baita. Bukaerako 40-37a Labakak paretara bidalitako kolpeari esker lortu dute txapeldunek.
Markagailua: 0-2, 2-2, 2-3, 3-3, 3-5, 4-5, 4-6, 6-6, 6-7, 7-7, 8-7, 8-8, 11-8, 11-13, 13-13, 13-14, 14-14, 14-15, 20-15, 20-16, 21-16, 21-19, 25-19, 25-20, 26-20, 26-22, 29-22, 29-26, 30-26, 30-31, 32-31, 32-34, 33-34, 33-35, 34-35, 34-36, 36-36, 36-37 eta 40-37.