Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Erremontari

Urriza-Zubiri eta Ansa II.a-Juanenea bikoteek jokatuko dute "Erremontari" 2022ko finala

A. B. E. | EITB Media

Ansa II.ak eta Juaneneak garaipena lortu dute finalerdietan Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a bikotearen aurka, 25-30eko emaitzarekin. Urrizak eta Zubirik, aldiz, 30 eta 22 irabazi egin diote Segurola-Azpiroz bikoteari.

1:17
Ansa-Juanenea eta Urriza-Zubiri izango dira finalean

Urriza-Zubiri eta Ansa II.a-Juanenea bikoteek jokatuko dute "Erremontari" 2022ko finala ekainaren 20an Galarretan. Finala zuzenean eskainiko dute eitb.eus-ek eta ETB1ek.

Ezustekoa eman dute finalerdietan Ansa II.ak eta Juaneneak, Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a bikotea 25-30 mendean hartuta. Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.a ziren faboritoak, baina garaipena Ansa II.a-Juanenea bikoteak eskuratu du. Hasieratik agindu dute partidan Ansa II.ak eta Juaneneak eta 8 tantoko abantailarekin iritsi dira neurketako lehen atsedenaldira (7-15).

Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a bikotearen erreakzioa 12-20koaren ostean etorri da. Orduan hasi dira desabantaila murrizten, eta hiru tantora gerturatu dira (19-22). Partidako bigarren atsedenaldiaren ostean (20-24), garaipena bideratuta utzi dute Ansa II.ak eta Juaneneak, 21-27koarekin. Azkenean, Ansa II.a-Juanenea bikotearen aldeko 25 eta 30eko emaitzarekin amaitu da norgehiagoka.

Bigarren finalerdian faboritoak ziren Urriza-Zubiri bikoteak lortu du finalerako txartela Segurolaren eta Azpirozen aurkako partidan nagusituta, 30 eta 22. Neurketak hasiera parekatua izan du hainbat berdinketarekin (1-1, 2-2, 4-4, 5-5, 6-6 eta 7-7). Ondoren, Urrizak eta Zubirik zulo txikia ireki dute markagailuan eta lau tantoko errentarekin iritsi dira lehen atsedenaldira (15-11).

Atsedenaldiaren ostean, bost tantora handitu dute abantaila Urrizak eta Zubirik, baina azkar erantzun dute Segurolak eta Azpirozek desabantaila bi tantora murriztuta (21-19). Hala ere, neurketa Urriza-Zubiri bikotearen aldeko 24-20ko emaitzarekin heldu da bigarren atsedenaldira. Azken txanpan, nagusi izan dira Urriza eta Zubiri, eta garaipenak ez die ihes egin (30-22).