Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Erremontea

Urriza eta Azpiroz Erremonteko Binakako txapeldun, Ansa eta Martirena bi setetan mendean hartuta

EITB MEDIA

Aurrelari iruindarrak bere zortzigarren txapela jantzi du, final oso lehiatua irabazita (13-15 eta 14-15) harmailak bete-beteta izan dituen Galarreta pilotalekuan.

1:34
Urriza eta Azpiroz, txapeldunak

Javier Urriza eta Xabier Azpiroz dira Erremonteko Binakako txapeldunak, finalean Imanol Ansa eta Ibai Martirena bi setetan gaindituta (15-13 eta 15-14). Partida Galarreta pilotalekuan jokatu dute, harmailak lepo beteta eta giro ezin hobean.

Lehenengo jokoa neurketako orekatuena izan da; zazpi berdinketa izan dira markagailuan. Aurreikuspenen arabera, finala orekatua eta oso lehiatua izango zen, eta horren alde egin dutenek ez dute huts egin.  

Lehen seteko lehen zatian, gorriek zein urdinek markagailuan izan dituzten aldeak txikiak izan dira. 11 eta 8koarekin, Ansak eta Martirena jokoa euren alde jarri behar zutela ematen zuen, baina gauzak ez dira horrela izan. 13-13ko berdinketarekin jokoa zabalik izan da, eta hortxe agertu da Javier Urriza, erremate ikusgarri baten bidez urdinak 13 eta 14 aurretik jartzeko. Aurkariek ez dute erreakzionatzeko astirik izan, eta, sakea alde, Urrizak eta Azpirozek eraman dute jokoa azkenean (13-15).

Bigarrenean, urdinak finala erabakitzera atera dira. 10. finala izan da Urrizarentzat, eta zortzigarrenez txapela janztea zen bere helburua. Gaur aukera ederra izan du, eta ez die aurkariei ezer oparitu nahi izan.

Atzeko aldean, Azpiroz oso seguru aritu da sakean, eta hori baliatuta markagailuan aldea zabaltzen joan dira 4-9 aurretik jartzeraino. Ansak eta Martirenak finala luzatzeko asmoa erakutsi dute orduan, eta 9 eta 10 hurbildu ostean, 12-12koa lortu dute.

Une horretan, tentsioa eta nekea nabarmenak izan dira lau erremontarien artean, finala momentu erabakigarrian baitzegoen. Gorriak 14 eta 13 aurreratu dira, eta dena alde izan dute neurketa berdintzeko eta hirugarren jokoa behartzeko, baina Urriza eta Azpiroz zuhur aritu dira eta eurek irabazi dute bigarren seta eta Binakako finala (14-15).

Finaleko tanto guztiak

Lehen jokoa: 0-0, 1-1, 1-2, 2-2, 3-2, 3-2, 4-3, 5-3, 5-4, 5-5, 5-6, 5-7, 6-7, 7-7, 8-7, 8-8, 9-8, 10-8, 11-8, 11-9, 12-9, 12-10, 12-11, 13-11, 13-12, 13-13, 13-14, 13-15.

Bigarren jokoa: 0-0, 1-0, 1-1, 1-2, 1-3, 2-3, 2-4, 3-4, 3-5, 3-6, 3-7, 3-8, 3-9, 4-9, 5-9, 6-9, 6-10, 7-10, 8-10, 9-10, 9-11, 9-12, 10-12, 11-12, 12-12, 13-12, 13-13, 14-13, 14-14, 14-15.