Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

ZESTA-PUNTA

Erkiaga-Ibarluzea eta Elaia-Ihart, Iron Cup txapelketako lehen finalistak

EITB Media

Erkiaga eta Ibarluzea hiru setetan nagusitu dira Goitia eta Basqueren kontrako norgehiagokan. Elaiak eta Ihartek, berriz, Barrenetxea eta Mendizabal hartu dituzte mendean. Bigarren finalerdia maiatzaren 31n jokatuko da, eta final handia ekainaren 7an izango da.

0:58
Aritz Erkiaga eta Alex Goitia, elkarri agurtzen. Argazkia: Eraman - Jai Alai Gara

Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak jokatuko dute Bilbao Jai Alai Iron Cup txapelketako finala, Bilboko Deportivo frontoian gaur jokatutako finalaurrekoan Alex Goitia eta Thibault Basque garaituta. Emakumezkoetan, berriz, Elaia Gogenolak eta Ihart Arakistainek lortu dute finalerako txartela, Helena Barrenetxea eta Maialen Mendizabal menderatuta.  

Gizonezkoen partida parekatuta abiatu da, baina minutuek aurrera egin ahala, aurretik jarri dira Goitia eta Basque, maila oso ona emanda, eta euren aldekoa izan da lehen jokoa: 12-15.

Alabaina, Goitiak lehen set horretan agortu ditu norgehiagoka osoan egin daitezkeen bost pasak, eta horrek ondorengo jokoak baldintzatu ditu. Hala, bigarrenean, 15-10 nagusitu dira Erkiaga eta Ibarluzea. Berdinketa hausteko jokoan ere, Erkiaga eta Ibarluzea izan dira jaun eta jabe (5-2), eta merezimendu osoz jokatuko dute final handia, ekainaren 7an.

Bigarren finalerdia datorren ostiralean jokatuko da, eta orduan jakingo dugu nortzuk izango diren Erkiagaren eta Ibarluzearen aurkariak finalean: Thomas Urrutia eta Julen del Rio edo Mikel Mancisidor eta Ludovic Laduche.

1:51

Emakumezkoen lehen finalerdian, bestalde, Elaia Gogenola eta Ihart Arakistain hasieratik bukaeraraino izan dira nagusi, eta bi setetan hartu dituzte mendean Helena Barrenetxea eta Maialen Mendizabal, 15-10 eta 15-6.

Emakumeen bigarren finalerdia ere datorren ostiralean izango da: Erika Mugartegik eta Frida Watkinsek Maite Ortiz de Mendibil eta Arai Lejardi izango dituzte aurkari. Lehia horretan gailentzen den bikoteak jokatuko du Iron Cup txapelketako finala Elaia eta Iharten aurka.  

Bilbao Jai Alai Iron Cup txapelketaren lehen edizioak harrera bikaina izan du. Bilboko Deportivo frontoia jendez gainezka egon da lehen finalerdian, eta dagoeneko agortuta daude finala ikusteko sarrera guztiak.