Pilota
Zesta
Barandikak eta Lopezek Erkiaga eta Basque menderatu dituzte, eta Jai Alai Ligako finala jokatuko dute
EITB MEDIA
Aurrelari gernikarrak eta atzelari zumaiarrak bi jokotan hartu dituzte mendean, 15-11 eta 15-14, Aritz Erkiaga eta Thibault Basque, Lauko Finaleko bigarren finalaurrekoan; Johan eta Gorka Sorozabal izango dituzte aurkari finalean.
Xabi Barandika eta Imanol Lopez 2024ko Jai Alai Ligako finalerako sailkatu dira, astelehenean, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan, txapelketako Lauko Finaleko bigarren finalaurrekoan Aritz Erkiaga eta Thibault Basque bi jokotan mendean hartuta, 15-11 eta 15-14. Horrenbestez, Barandikak eta Lopezek, datorren astelehenean, hilaren 21ean, Jai Alai Ligako final handia jokatuko dute, Johan eta Gorka Sorozabal aurkari.
Bikote urdinaren sendotasuna izan da giltzarria lehen jokoan; Barandika eta Lopez 15-11 nagusitu dira horretan. Gernikako aurrelaria eta Zumaiako atzelaria berehala jarri dira aurretik, 7-4, 9-5 eta 10-6, eta bazirudien argi irabaziko zutela jokoa; Erkiagak eta Basquek, baina, murriztu egin dute aldea, eta 11-12 ere izan dira. Bidez batez, azken tanto hori benetan izan da ikusgarria: Xabi Barandikak, jokaldi batean, pilota hankapean punpa eginda jaso du saskian. Urdinak hobeto aritu dira jokoaren azken txanpan.
Bigarren jokoa bizi-bizia izan da. Gorriak 8-4 aurreratu dira, bost tanto jarraian eginda, baina aurkariek ere lortu dituzte bost tanto bata bestearen ondoan, eta 10-9 egon dira goitik, Ezkurdiko markagailuan. Erkiaga eta Basque 14 eta 10 izan dira, eta ematen zuen hirugarren jokoa bermatuta zutela; baina Barandikaren eta Lopezen erantzuna bikaina izan da, 5-0eko partziala egin dute, eta Jai Alai Ligako finalean dira.