Itxi

Pilota

Pilota

Pilota

Zesta punta

Urreistik eta Gorkak garaipena lortuta amaitu dute Eusko Label Winter Series, Urrutia eta Basque menderatuta

EITB MEDIA

Eñaut Urreistik eta Gorka Sorozabalek bi jokotan hartu dituzte mendean Thomas Urrutia eta Thibault Basque, 15-11 eta 15-7; hala, hirugarren postua lortu dute finalerdietako ligaxkan.

  • Gorka Sorozabal eta Eñaut Urreisti, garaipena eskuratuta. Argazkia: EITB Media.

    Gorka Sorozabal eta Eñaut Urreisti, garaipena eskuratuta. Argazkia: EITB Media.

Eñaut Urreistik eta Gorka Sorozabalek Thomas Urrutia eta Thibault Basque mendean hartu dituzte, bi jokotan, 15-11 eta 15-7, 2024-25eko Eusko Label Winter Serieseko finalerdietako ligaxkako seigarren eta azken jardunaldian, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, astelehenean. Hala, lortutako garaipen horri esker, Urreistik eta Gorkak hirugarren postua eskuratu dute txapelketako finalerdietako ligaxkan. Winter Seriesi final handia besterik ez zaio gelditzen, beraz; hori igandean jokatuko dute, eguerdian, Erkiaga-Ibarluzea eta Laduche-Manci bikoteek.

Astelehenean, Urrutiak eta Basquek ekin diote hobeto partidari, eta neurketako lehenengo lau tantoak egin dituzte; baina Urreistik eta Gorkak segituan berdindu dute, eta aurreneko jokoan oso parean izan dira bi bikoteak, markagailuan eta kantxan, azken tantoetara arte. Zati erabakigarri horretan, Mutrikuko aurrelariak eta Biarritzeko atzelariak asmatu dute gehiago, eta nahiko aise eskuratu dute norgehiagokako lehenengo puntua, 15-11 gailenduta.

Bigarren jokoan, Eñaut Urreisti eta Gorka Sorozabal nabarmen nagusi izan dira. Atsedenaldian, bi tantoz ari ziren irabazten, 8-6, eta, amaierara bitartean, Urrutiak eta Basquek tanto bat gehiago lortu ahal izan dute. Azken 17-7koak lau puntu eman dizkie Urreistiri eta Gorkari; bikote horrek, hortaz, garaipena erdietsita amaitu du 2024-25eko Eusko Label Winter Series txapelketa.