Itxi

Baskonia

Porrota

Baskonia galtzaile atera da UCAM Murtziaren aurkako lehiatik (78-67)

Agentziak | Erredakzioa

Pedro Martinezen taldea atzetik joan da markagailuan partida guztian eta ez da bere erritmoa inposatzeko gai izan.

1:12

Baskoniak sei garaipeneko bolada ona eten du Endesa Ligan UCAM Murtziarekin galduta. Etxekoek defentsa sendoa egin eta arabarren abiadura oztopatu dute, eta horri esker nagusia izan dira kantxan eta markagailuan.

UCAM Murtzian Marko Lukovic eta Ovie Soko izan dira protagonista, eta horiei esker lehen hiru minutuetan 9 eta 4 aurreratu dira murtziarrak.

Baskoniari dagokionez, arabarrek erreakzionatu egin dute, Tornike Shengelia buru zutela, eta lehen laurdena 17 eta 16 amaitu da. Bigarrenaren hasieran aurretik ere izan da momentu batez Pedro Martinezen boskotea (17-20).

Baina Ibon Navarroren taldeak 8 eta 0eko partziala egin du eta Murtzia berriro aurretik jarri da 25 eta 20. Clevin Hannahren hiruko bi saskiratzek bizitasuna eman diote etxeko taldeari eta 18. minuturako 10 puntuko aldea izan dute markagailuan (37-27).

Atsedenaldira 38 eta 32ko emaitzarekin iritsi dira. Ordura arte, UCAM Murtzia biziago aritu da, eta gasteiztarrei, berriz, nekea nabari izan zaie, ziurrenik ostiralean CSKA Moskuren aurka Euroligan jokatutako partidaren ondorioz.

Berdinketa

Hirugarren laurdenean, arabarrek markagailua berdintzea lortu dute (40-40) eta oreka horri eutsi diote laurdenaren amaiera arte (56-53).

Azken 10 minutuen hasieran, Lukovicek eta Charlon Kloofek bi hiruko egin dituzte eta hortik aurrera UCAM Murtziak bere aldeari eutsi dio. Vitor Beniteren beste hiruko batek norgehiagoka erabakita utzi du (72-61) amaierarako lau minuturen faltan.  Horrela, Ibon Navarroren gizonek ez dute arazorik izan garaipena eskuratzeko.

 

Fitxa teknikoa

78 - UCAM Murtzia (17+21+18+22): Hannah (14), Oleson (6), Rojas (7), Soko (12), Tumba (4) -hasierako boskotea-, Álex Urtasun (6), Kloof (9), Delía (-), Lukovic (13) eta Benite (7).

67 - Baskonia (16+16+21+14): Granger (6), Janning (7), Timma (7), Shengelia (17), Voigtmann (11) -hasierako boskotea-, Huertas (7), Diop (5), Poirier (4), Jones (-) eta Garino (3).

eta Garino (3).