Itxi

Saskibaloia

Fitxaketa

Lointek Gernikak Cameron Williams pibota fitxatu du

EITB

Batez beste, 11,7 puntu eta 7 errebote lortu ditu azken urtean, eta %58,6ko portzentajea jaurtiketetan. Gernikakoa, bere lehen esperientzia izango da Europan.

  • Lointek taldeak Cameron Willimasen fitxaketa iragartzeko erabilitako irudia.

    Lointek taldeak Cameron Willimasen fitxaketa iragartzeko erabilitako irudia.

Lointek Gernika Bizkaia taldeak Cameron Williams jokalaria fitxatu du 2025-2026 denboraldirako. Pibot estatubatuarra Miami Hurricanes Unibertsitatetik dator, eta bertan batez beste 11,7 puntu eta 7 errebote lortu ditu azken urtean, eta %58,6ko portzentajea  jaurtiketetan.

Fitxaketa honekin, Gernikako taldeak hamaika jokalari ditu dagoeneko: Laura Westerik, Ane Olaeta, Naia Zubiaga, Angela Salvadores, Emily Bessoir, Esther Castedo, Masa Jankovic, Joy Adams, Sarah Polleros, Esther Matarranz eta Cameron Williams.

191 zentimetroko estatubatuarrak Whitney Young High School-en hasi zuen bere ibilbidea, eta ondoren NCAAra egin zuen salto, Michiganeko unibertsitate ospetsuaren eskutik. Han lau urteko zikloa bete zuen, denboraldi bakoitzean protagonismo gero eta handiagoa lortuz. Ondoren, Miami Hurricanes unibertsitatera joan zen.

Gernikakoa, amerikarrak Europan izango duen lehen esperientzia izango da.

Jokalaria eta entrenatzailea, pozik

Williamsek Lointek Gernika Bizkaiaren lan egiteko modua azpimarratu du: "Klubean nire lan eta esfortzu baloreak irudikatuta ikusten ditut eta Gernikako zaleez oso ondo hitz egin didate; beraz, beraientzat jokatzeko irrikan nago".

Lucas Fernandez entrenatzaileak Williamsen "lanerako gaitasun handia" azpimarratu du: "Hazteko eta aldi berean taldea hobetzeko anbizio handia erakutsi digu. Jokalari gogorra eta sendoa da uztaiaren inguruan, amaitzerako orduan bi eskuak erabiltzeko gaitasuna dauka, eta intuizio handia erreboterako".