Itxi

Surf-a

Olatu handiak

Punta Galea Challenge lehiaketa larunbatean egingo dute Getxon 6 metroko olatuekin

Agentziak | EITB Media

Espero diren baldintzek espezialitateko Europako lehiaketarik zaharrena berriro egitea ahalbidetuko dute, hiru urteko geldialdi baten ondoren. Berritasun nagusia emakumezko surflariek lehen aldiz parte hartzea izango da.

  • Azken Punta Galea Challenge lehiaketako irudi ikusgarria. Artxiboko argazkia: EFE

    Azken Punta Galea Challenge lehiaketako irudi ikusgarria. Artxiboko argazkia: EFE

Olatu handien Red Electrica Punta Galea Challengeko antolatzaileek behin betiko erabakia hartu dute larunbatean Getxon (Bizkaia) lehiaketa aurrera eramateko. "Olatu handiak, 6 metro ingurukoak" aurreikusi dituzte.

"Euskal kostaldea astintzen ari den borraska-sortak" eragindako "baldintza bikain" horiek, eguraldi "lehor eta atsegin" baten iragarpenarekin batera (18 gradu inguru), espezialitateko Europako lehiaketarik zaharrena berriro egitea ahalbidetuko dute, hiru urteko geldialdi baten ondoren.

2005ean hasi zen gonbidapen bidezko txapelketa honen berritasun nagusia emakumezko surflariek lehen aldiz parte hartzea izango da, horien artean Laura Enever australiarra, emakume batek inoiz surfeatutako olatu handienaren Guinness errekorra duena, edo Nadia Erostarbe gipuzkoarra nabarmentzen direlarik.

Gainera, 30 gonbidatuen artean daude Grant Twiggy Baker hegoafrikarra, hiru aldiz munduko txapeldun izandakoa, Ramon Navarro txiletarra, Lucas Chianca brasildarra, Conor Maguire irlandarra, Francisco Porcella italiarra, Tom Lowe ingelesa, Mason Hyce Barnes estatubatuarra eta Miguel Blanco eta Tony Laureano portugaldarrak.

Etxekoen artean, Natxo Gonzalez getxotarra, 2022an jokatutako azken edizioko garailea, Aritz Aranburu, Axi Muniain, Indar Unanue, Yago Dominguez, Xabi Lopez, Txaber Gaminde, Endika Winny Ruiz, David Zuku Bustamante, Kosme Fernandez eta Ibon Lopez izango dira Punta Galean.

Antolatzaileek jende ugari espero dute Galea lurmuturreko itsaslabar ikusgarriaren anfiteatro naturalean, 60 metroko altueran, 8:30ean hasi eta zortzi bat orduz luzatuko den lehiaketan.