Itxi

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

X-deportes_vuelta al pais vasco-X

Euskal Herriko Itzulia 2024

6. ETAPA

Ion Izagirre nagusitu da Arraten, eta Daniel Felipe Martinezek eskuratu du Itzulia

EITB MEDIA

Cofidis taldeko ormaiztegiarra izan da azkarrena nagusikoen taldetxoan, eta, azkenerako bigarren postuan amaitu du sailkapen nagusia, Ineos taldeko kolonbiarrarengandik 11 segundora. Pello Bilbao gernikarrak, berriz, bosgarren tokian bukatu du 32 segundoko atzerapenarekin.

2:17
2022ko Itzuliko azken podiuma

Daniel Felipe Martinezek (Ineos) bereganatu du 2022ko Euskal Herriko Itzulia, Eibarren hasi eta Arraten amaitu den azken etaparen ostean. Eguneko garaipena Ion Izagirre (Cofidis) ormaiztegiarrak eskuratu du, indartsuen taldeko esprintean azkarrena izan eta gero. Izagirrek sailkapen nagusiko bigarren postua eskuratu du azkenerako, Martinez kolonbiarrarengandik 11 segundora. Pello Bilbao gernikarrak, bere aldetik, bosgarren tokian bukatu du nagusia, 32 segundoko atzerapenarekin.

Davide Formolo (UAE), Nelson Oliveira (Mistar), Tony Gallopin (Trek Segafredo), Cristian Rodriguez (TotalEnergies) eta Xabier Mikel Azparren (Euskaltel Euskadi) izan dira eguneko ihesaldi nagusiko lehen protagonistak. Dena den, lehendabizi Donostiako txirrindulariak eta, gerora, mendiko liderrak amore eman behar izan dute ibilbidearen gogortasunak behartuta, eta Formolo, Oliveira eta Gallopin baino ez dira geratu buruan.

Azurki (1. maila) eta Gorla (2. maila) elkarrekin pasatu dituzte, baina Krabelinera heldu direnean, Formolok atzean utzi ditu Gallopin eta Oliveira, eta buruan pasatu du mendate gaina.

Tropelean egun osoan Ineos ibili da buruan kontrol lanetan, batez Omar Fraile eta Geraint Thomasen eskutik. Hala, faboritoek elkarrekin egin dute etapa, haiek ere Krabelinera heldu diren arte.

Orduan, Roglicek sua piztu du helmugarako 41 kilometrora, eta berarekin batera eraman ditu Daniel Felipe Martinez (Ineos), Enric Mas (Movistar) eta Vlasov (Bora). Gerora heldu dira Ion Izagirre (Cofidis) eta Evenepoel (Quick-Step) liderra; Pello Bilbao (Bahrain), berriz, aldenduta geratu da.

Ondoren, Masek jo du erasoa, eta harekin batera egin dute Vingegaardek (Jumbo), Martinezek, Izagirrek, Vlasovek eta Marc Solerrek. Eraso horri ezin izan dio erantzun Evenepoelek, eta seiek bidea egin dute. Seikotea, zazpikote bihurtu da berehala, Nelson Oliveirarekin bat egin dutenean, eta hura lanean jarri da Mas taldekidearen mesedetan helmugarako 37 kilometroren faltan.

Krabelinen jaitsieran, Pello Bilbaok abiadura bizian jardun du, eta eurekin bat egiteko gai izan da. Ez hori bakarrik, jotzen jarraitu du asko arriskatuz, eta, halako batean, bere gurpilean zihoan Mas erori egin da. Horren eraginez, nahasmena sortu da, eta Pello Bilbao, Izagirre, Vlasov eta Vingegaard geratu dira buruan. Handik gutxira Formolorekin bat egin dute.

Urkaregiko aldapetan, boskotearen aldea 30 segundo ingurukoa zen liderraren, Daniel Felipe Martinezen, eta Roglicen taldetxoarekiko. Bertan, Ineoseko kolonbiarra eta Evenepoel baino ez zeuden lanean, baina tartea murrizteko gai izan dira, batez ere belgikarraren jo ikusgarriaren bultzadarekin. Hala, 19 kilometroren faltan, Urkaregin behera, 15 segundoko tartea egon da bi taldetxoen artean.

Behin Elgoibar atzean utzita, helmugarako 14,5 kilometrora, Evenepoelek eta Martinezek aurreko bostak harrapatu dituzte. Hain zuzen ere, une horixe baliatu du Ion Izagirrek aurrera egiteko, eta harekin batera joan dira Marc Soler eta Daniel Felipe Martinez. Saiakera hori ere Evenepoelek bota du behera, eta orduantxe iritsi da geldialditxoa Itzulia jokatzen ari zirenen taldera, Eibarko esprintera heldu diren arte. Hor denbora gainsariak zeuden txirrindularien zain, eta Evenepoel (3 segundo), Daniel Felipe (2) eta Pello Bilbao pasatu dira aurretik.

Formoloren txanda heldu da orduan, eguneko azken ahalegina egiteko garaipenaren bila, eta tartea zabaldu du.

Faboritoen artean, Ion Izagirrek erritmoa aldatu du Usartzan gora, eta nahikoa izan da Evenepoel atzean uzteko. Ondoren, Vlasoven oldarraldia iritsi da, eta Pello Bilbaok pairatu du hura. Halako batean, Ion Izagirrek aurrekoaren gurpila ukitu eta lurrera erori da, eta egoera hori probestu du Vlasovek erritmoa biziki aldatzeko, hari elkartuta Daniel Felipe, Vingegaard eta Soler zeudela. Ormaiztegiarrak, baina, erakustaldia emanda, harrapatu egin ditu Usartzako aldape gogorretan, euskal zaleen animoen hauspoarekin. Bitartean, Pello Bilbao bakarrik geratu da, atzerago.

Hala, etapako garaipena bost txirrindulari horien artean jokatu dute, eta Ion Izagirre izan da azkarrena eta argiena Arrateko helmugan. Marc Solerren gurpila harrapatu du, eta azken bihurgunean aurrea hartu dio.

Horrenbestez, helmugan, Izagirre lehenengo, Vlasov bigarren, Marc Soler hirugarren eta Dani Martinez laugarren, denak denbora berarekin; podiuma, berriz, Dani Martinezek, Ion Izagirrek (11 segundora) eta Aleksandr Vlasovek (16ra) osatu dute. Azkenerako, Pello Bilbaok bosgarren tokian amaitu du, 32 segundoko atzerapenarekin, haren aurretik Remco Evenepoel izan da, 21era.

Ikusi 2022ko sailkapen guztiak

ITZULIKO 6. ETAPAKO SAILKAPENA:

2002ko Itzuliko 6. etapako sailkapena. Argazkia: EITB

2002ko Itzuliko 6. etapako sailkapena. Argazkia: EITB

ITZULIKO SAILKAPEN NAGUSIA:

2002ko Itzuliko sailkapena nagusia. Argazkia: EITB

2002ko Itzuliko sailkapena nagusia. Argazkia: EITB