Italiako Giroa
5. etapa
Lorena Wiebesek eskuratu du Monseliceko esprinta, eta Reusserrek maglia arrosari eutsi dio, Italiako Giroan
EITB
SD Worx-Protime taldeko esprinter herbeheretarrak, hala, hamabost garaipen daramatza 2025eko denboraldian; horietako bi, Giroan. Anna van der Breggen taldekidea, gainera, sailkapen nagusiko hirugarren postura igo da.
-
Lorena Wiebesek bigarren etapa garaipena lortu du aurtengo Giroan. Argazkia: @UCI_WWT.
SD Worx-Protime taldeko Lorena Wiebes txirrindulari herbeheretarrak 2025eko Italiako Giroko bosgarren etapa irabazi du, esprintean, Monselicen; halaber, Movistar taldeko Marlen Reusser ziklista suitzarrak sailkapen nagusiko lehen postuan jarraitzea lortu du, eta, hortaz, maglia arrosari eutsi dio.
Hamabi txirrindularik jokatu dute etaparen garaipena, eta Wiebesek, beste behin, erakutsi du zergatik den munduko esprinterrik onenetakoa. Europako txapeldunaren atzetik, Marianne Vos (Visma-Lease a Bike) eta Liane Lippert (Movistar) helmugaratu dira; horrenbestez, herbeheretarrak hamabost garaipen daramatza, dagoeneko; bi, Italiako Giroaren aurtengo ekitaldian.
Atzetik, Usoa Ostolaza eta Ane Santesteban Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioko euskal txirrindulariek 1:42ra amaitu dute etapa. Sailkapen nagusian, esanguratsuena da SD Worx Anna van der Breggen hirugarren posturaino igo dela; izan ere, lasterketako bosgarren eguna hasi aurretik, seigarren zebilen.
Ostiralean, 36. Italiako Giroko seigarren etapa izango da jokoan. Jardunaldia Bellaria-Igea Marinan hasi eta Terre Rovereschen (Orciano di Pesaron) amaitu, 145 kilometro eginda. Txirrindulariek hiru mendate puntuagarri igo beharko dituzte, bigarren mailako bat eta hirugarren mailako bi, egunean zehar.
Etapako sailkapena
1 - Lorena Wiebes (SD Worx) 2:39:08
2 - Marianne Vos (Visma) d. b.
3 - Liane Lippert (Movistar) d. b.
4 - Lotte Kopecky (SD Worx) d. b.
5 - Marlen Reusser (Movistar) d. b.
6 - Elisa Longo Borghini (UAE) d. b.
7 - Anna Van der Breggen (SD Worx) d. b.
8 - Franziska Brausse (CERATIZIT) d. b.
9 - Katia Ragusa (Human) d. b.
10 - Silvia Persico (UAE) d. b.
Sailkapen nagusia
1 - Marlen Reusser (Movistar) 12:17:14
2 - Elisa Longo Borghini (UAE) + 0:16
3 - Anna Van der Breggen (SD Worx) + 1:53
4 - Katrine Aalerud (Uno-X) + 2:07
5 - Sarah Gigante (AG) + 2:16
6 - Antonia Niedermaier (CANYON) + 2:45
7 - Silvia Persico (UAE) + 3:21
8 - Pauliena Rooijakkers (Fenix) + 3:30
9 - Yara Kastelijn (Fenix) + 3:36
10 - Isabella Holmgren (Lidl) + 3:39


