Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa 2024

14. etapa

Carapazek etapa irabazi eta lidertza eskuratu du

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Movistarreko ekuadortarra San Carlon gora alde egin du eta ez da gelditu helmugara arte. 1:53ko aldea atera dio faboritoen, tartean Landa, taldeari.

4:07
Richard Carapaz

Richard Carapaz (Movistar) ekuadortarrak lortu du garaipena larunbat honetan jokatu den Giroko 14. etapan, San Carlo mendatean gora erakustaldia eman eta gero. Txirrindulariek Saint Vincent eta Courmayer arteko (131 kilometro) ibilbidea bete dute, eta, Carapazek etapa bereganatzeaz gain, elastiko arrosa jantzi du Janc Polanci (UAE-Team Emirates) lekua hartuta. Mikel Landak (Movistar), bere aldetik, bosgarren tokira arte egin du jauzi.

Horrenbestez, eskalatzaile amerikarrak aurtengo Giroan lortzen duen bigarren garaipena eskuratu du gaurkoarekin; izan ere, Orbetello eta Frascati arteko laugarren etapa ere berak irabazi zuen.

Larunbat honetan, helmugatik 30 kilometrora jo du aurrera, eta haren saiakerari inork ez dio erantzunik eman. Hartara, bakarrik heldu da Courmayerreko ailegaerara, gainerako faboritoei denbora dezente sartuta. Etapako bigarrena Simon Yates (Mitchelton-Scott) izan da, irabazlearengandik 1:32ra sartu da britainiarra. Ondoren, faboritoen zazpikotea helmugaratu da, 1:54ko atzerapenakin. Bertan ziren Vincenzo Nibali (Bahrain Merida) italiarra, Mikel Landa (Movistar) arabarra, Miguel Angel Lopez (Astana) kolonbiarra eta Primoz Roglic (Jumbo-Visma) esloveniarra, besteak beste.

Ondorioz, Carapazek liderraren elastikoa jantzi du, orain arte lehen postuan zegoen Polancek 7:41 galdu baitu helmugan. Amerikarrak ez dauka tarte handirik bigarrenarekiko, Roglic zazpi segundora besterik ez baitago. Hirugarrena den Nibali urrutiago dago, 1:47ra. Bere aldetik, Landa bosgarren dago sailkapenean, bere taldekidearengandik 2:50era.

"Etapa primerakoa zen nire ezaugarrientzat. Nik ere ezin dut sinetsi. Amets bat da. Egindako lan guztiak bere fruituak ematen ari da orain", adierazi du Carapazek helmugan.

Italiako lasterketak segida izango du igande honetan, hamabosgarren etaparekin. 232ko ibilbideak Ivrea eta Como batuko ditu. Lehendabiziko 160 kilometroak erabat lauak izango dira, eta azken aldera txirrindulariek hiru mendate igo beharko dituzte (bigarren mailako bi eta hirugarren mailako bat).