Itxi

X-deportes_giro de italia-X

X-deportes_giro de italia-X

Italiako Giroa 2024

1. etapa

Evenepoelek erlojupekoan erakustaldia eman eta Giroaren lehen etapa irabazi du, Roglicekiko 43 segundo lortuta

EITB MEDIA

Soudal Quick-Step taldeko txirrindulari belgikarrak 21 minutu eta 18 segundo behar izan ditu 2023ko Italiako Giroa abiatu duen etapako 19,6 kilometroetan; hain zuzen, 55,2 km/h-ko batezbestekoa egin du. Gannak 22 segundo galdu ditu, Almeidak 29 eta Geoghegan Hartek 40.

  • Remco Evenepoel, maglia arrosa jantzita. Argazkia: EFE.

    Remco Evenepoel, maglia arrosa jantzita. Argazkia: EFE.

Soudal Quick-Step taldeko Remco Evenepoel txirrindulari belgikarrak 2023ko Italiako Giroaren lehen etapa irabazi du larunbatean, eta, hortaz, probako lehen liderra da. Evenepoelek, Giroari hasiera eman dion 19,6 kilometroko erlojupekoan, lasterketa bikaina egin du; hain zuzen ere, 22 segundoko aldea lortu du bigarren sailkatu den Filippo Ganna INEOS-Grenadierseko italiarrarekiko, 29 segundo UAE Team Emirates taldeko Joao Almeida portugaldarrarekiko, 40 Tao Geoghegan Hart INEOSeko britaniarrarekiko eta 43 segundo Groupama FDJ taldeko Stefan Kung suitzarrarekiko eta, batez ere, Jumbo-Visma taldeko Primoz Roglic esloveniarrarekiko. Azken hori da, Evenepoelekin batera, Giroa irabazteko favorito nagusia, baina Soudal Quick-Step taldeko belgikarrak garaiezina izan den 55,2 km/h-ko batezbestekoa egin du.

Evenepoelek, Belgikako egungo txapelduna erlojupekoan eta hirugarren sailkatua modalitate horretako azken Munduko Txapelketan bera, hasieran espero baino alde handiagoa erdietsi du Fossacesia Marinaren eta Ortonaren artean jokatutako lehen etapa honetan. Roglic ere ibili da ondo, egia esan; pentsatzeko modukoa zen esloveniarra Evenepoel baino apur bat okerrago aritzea, baina maila ona eman eta seigarren egin du, espezialista handiak diren txirrindulari batzuen atzetik. Kontua da belgiar ziklista gazteak hagan egin duela, eta, ondorioz, Roglicek lehen egunetik ekin beharko dio sailkapen nagusia iraultzeari.

Giroan dabiltzan bi euskal txirrindulariak, Jonathan Lastra (Cofidis) eta Oscar Rodriguez (Movistar), 77. eta 94. postuetan sailkatu dira, hurrenez hurren, Evenepoelek baino 02:16 eta 02:36 erabilita.

Bigarren etapa igandean jokatuko dute; 202 kilometro izango ditu, eta Teramon hasi eta San Salvon amaituko da. Bi mendate puntuagarri izango dira, biak 4. mailakoak, eta baliteke esprinterrek izatea lehen aukera erakusteko zein sasoi puntutan iritsi diren Italiako Girora.

1. ETAPA ETA SAILKAPEN NAGUSIA

1. EVENEPOEL Remco (Soudal) 21:18

2. GANNA Filippo (INEOS) +00:22

3. ALMEIDA Joao (UAE) +00:29

4. GEOGHEGAN HART Teo (INEOS) +00:40

5. KUNG Stefan (Groupama) +00:43

6. ROGLIC Primoz (Jumbo) d. b.

7. VINE Jay (UAE) +00:46

8. MCNULTY Brandon (UAE) +00:48

9. THOMAS Geraint (INEOS) +00:55

10. VLASOV Aleksandr (BORA) d. b.