Italiako Giroa
12. etapa
Olav Kooijek irabazi du Viadanan izandako esprinta, eta Del Torok Italiako Giroko lider jarraitzen du
EITB Media
Visma-Lease a Bike taldeko txirrindulari herbeheretarra izan da onena probako hamabigarren etapa erabaki duen esprintean; 2024ko ekitaldian lortutakoa ere zenbatuta, Kooijek bi garaipen daramatza Italiako Giroan.
-
Helmuga zeharkatuta, Kooijek garaipena ospatu ahal izan du. Argazkia: EITB Media.
Olav Kooij Visma-Lease a Bike taldeko txirrindulari herbeheretarrak irabazi du 2025eko Italiako Giroko hamabigarren etapa, esprintean, Viadanan, ostegunean; bitartean, sailkapen nagusian, UAE taldeko Isaac del Toro ziklista mexikarrak lider jarraitzen du, eta ez da nabarmentzeko moduko aldaketarik izan sailkapen nagusi horretan; hori bai, Del Torok bi segundoko saria eskuratu du, Red Bull kilometroa izeneko tarteko helmugan. Kooij izan da onena etapa erabaki duen esprintean; hala, 2024ko ekitaldian lortutakoa ere zenbatuta, Kooijek bi garaipen daramatza Italiako Giroan.
Olav Kooijek Wout van Aert taldekideak egindako lan bikaina baliatu du (Van Aert igandeko etapan gailendu zen); Casper van Uden (Picnic PostNL) eta Ben Turner (INEOS) helmugaratu dira bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren, eta Lidl-Trek taldeko Mads Pedersen, puntukako sailkapeneko aurrenekoa bera, laugarren tokian sartu da. 23 urteko herbeheretar gaztea gizon azkarra da, esprintetan kontuan izateko modukoa, eta erakutsi du, Giroko hamabigarren etapan, sasoi onean dabilela.
Hiru txirrindulari italiar izan dira eguneko ihesaldian: Andrea Pietrobon (Polti VisitMalta), Manuele Tarozzi (VF Group) eta Giosue Epis (Arkea). Viadanako helmugarako 75 kilometro gelditzen zirela, minutu bat eta hogei segundoko aldea zuten tropelarekiko; azken horretan, esprinterren taldeek kontrolpean zuten egoera.
Aurretik 40 kilometro baino apur bat gutxiago gelditzen zirela, tropelak Epis eta Tarozzi harrapatu ditu; 26 geratzen zirenean, helmugako pankartapetik igarotzean, Pietrobonen ihesaldia amaitu da.
Tropela batuta zihoala, etapako azken kilometroetan ez da ihesaldirik sortzeko beste ahaleginik izan, esprintetan espezialistak diren gizonen taldeek kontrola izan baitute. Horrenbestez, Kooij izan da onena, metro erabakigarrietan, eta Visma taldeak bi garaipen daramatza, dagoeneko, jokatzen ari diren ekitaldian.
Ostiralean, 108. Italiako Giroko hamahirugarren etapan, lasterketa Rovigotik irtengo da, eta, 180 kilometro eginda, Vicenzan amaitu. Helmuga 4. mailako mendate batean izango da; hori 800 metroko igoera da, eta horren batez besteko malda % 7,6koa.
Etapako sailkapena
1 - KOOIJ Olav (Visma) 3:55:40
2 - VAN UDEN Casper (Picnic) d. b.
3 - TURNER Ben (INEOS) d. b.
4 - PEDERSEN Mads (Lidl) d. b.
5 - GROVES Kaden (Alpecin) d. b.
6 - FRETIN Milan (Cofidis) d. b.
7 - KANTER Max (Astana) d. b.
8 - MAGNIER Paul (Soudal) d. b.
9 - GOVEKAR Matevz (Bahrain) d. b.
10 - MOSCHETTI Matteo (Q36.5) d. b.
Sailkapen nagusia
1 - DEL TORO Isaac (UAE) 42:42:39
2 - AYUSO Juan (UAE) + 0:33
3 - TIBERI Antonio (Bahrain) + 1:09
4 - YATES Simon (Visma) + 1:11
5 - ROGLIC Primoz (Red Bull) + 1:26
6 - CARAPAZ Richard (EF) + 1:58
7 - CICCONE Giulio (Lidl) + 2:11
8 - MCNULTY Brandon (UAE) + 2:18
9 - YATES Adam (UAE) + 2:35
10 - ARENSMAN Thymen (INEOS) d. b.



