Itxi

Txirrindularitza

11. etapa

2025eko Vueltako Bilboko etapa San Mamesetik atera eta Kale Nagusian amaituko da

EITB MEDIA

Datorren irailaren 3an ibiliko da Vuelta Bizkaiko hiriburuan, 11. etapan, alegia. Txirrindulariek 157 kilometro egin beharko dituzte: horietan, zazpi mendate igotzeaz gain, Bizkaiko hainbat herritan barrena ibiliko dira: Mungia, Bermeo, Muxika eta Galdakao, besteak beste.

  • Vueltako 11. etaparen profila

    Vueltako 11. etaparen profila

2025eko Vueltako 11. etapa Bilbon hasi eta amaituko da, datorren irailaren 3an. San Mamesen izango du irteera, 13:30ean; 157 kilometro osatu ostean, eguna Bilboko Kale Nagusian amaitzea aurreikusi du antolakuntzak, 17:20 aldera.

Ibilbidean, txirrindulariek zazpi mendateri aurre egin beharko diete: Laukizko mendatea (183 metroko desnibela), Bizkaiko behatokia (235 metroko desnibela), Morga (290 metroko desnibela), Gangureng mendatea (bitan egingo dute, 351 metroko desnibela) eta Pikebidea (204 metroko desnibela).

Orobat, honako herri hauetan barrena ibiliko dira: Arratzu, Basauri, Bilbo, Bermeo, Busturia, Derio, Erandio, Etxebarri, Forua, Galdakao, Gatika, Gernika-Lumo, Larrabetzu, Laukiz, Lezama, Loiu, Mendata, Meñaka, Morga, Mundaka, Mungia, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, Murueta, Muxika, Sondika, Sukarrieta eta Zamudio. 2023ko Frantziako Tourraren lehen etaparen ibilbidea dakarkigu gogora, hura ere Bilbotik abiatu baitzen.

Azkenik, aipatzekoa da Vueltaren 11. egunak Jesus Loroño txirrindulari bizkaitarra omenduko duela. 1957an hark irabazi zuen lasterketa, eta 100 bete dira jaio zenetik. Hala, Larrabetzutik pasako da etapa, Loroñoren jaioterritik; horrez gain, Sollubeko mendatea ere ibilbidean dago, haren omenezko monumentua dagoen tokia, hain zuzen ere.