Itxi

Txirrindularitza

Kataluniako Voltako 5. etapa

Pantano kolonbiarrak irabazi du Vielhan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Trek-Segafredoko txirrindulariak Laengen (UAE-TEam Emirates) iheskideari gailendu zaio azken kilometroan. Alejandro Valverdek lider jarraitzen du.

0:52

Jarlinson Pantano (Trek Segafredo) kolonbiarrak poltsikoratu du ostiral honetan Kataluniako Voltako bosgarren etapa. Llivia (Girona) eta Vielha (Lleida) artean jokatu den gaurko jardunaldiak 212,9 kilometro izan ditu eta aurtengo itzuliko luzeena izan da. Alejandro Valverdek, bere aldetik, liderraren elastikoari eutsi dio arazorik gabe.

Mendi ertaineko etapa batean, Pantano Vergard Stake Laengen (UAE-Team Emirates) norvegiarrari gailendu zaio helmugan, etapa hasieran sortu den ihesaldiari amaiera ezin hobea emanda. Tropela irabazlearengandik 14 segundora iritsi da.

Pantano etaparik irabazi gabe zebilen 2016ko Tourrean irabazitakoaren ostean. Kolonbiarra hamabi txirrindulariz osatutako taldetxoan sartu da, eta igoeretarako duen trebezia baliatu du Port d'El Cantó (Maila berezia) eta Port de la Creu de Perves (1. maila) mendateak erritmoz gainditzeko eta, ostean, beherako bidean abiadura handiz jaisteko. Azken kilometroan metro batzuetako abantaila atera dio Laengeni eta horrekin nahikoa izan du garaipena eskuratzeko.

Kataluniako itzuliaren 98. edizioa bukatzeko bi etapa besterik falta ez direnean, Lasterketako buru den Alejandro Valverdek 16 segundoko abantaila dauka Egan Bernal (Team Sky) kolonbiar gaztearekiko; izan ere, Skyko txirrindulariak 3 segundoan murriztu du murtziarrarenganako aldea, tarteko esprint batean azkarrena izan delako.

Nairo Quintana (Movistar Team) kolonbiarrak hirugarren izaten jarraitzen du, bere taldekeriarengandik 26 segundora.