Txirrindularitza
2021ERA ARTE
Valverdek bi urtez berritu du Movistarrekin
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Egungo munduko txapeldunak 41 urte bete arte jarraituko du korritzen.
-
Alejandro Valverde munduko txapeldunaren domina eskuan duela. Argazkia: EFE
Alejandro Valverde txirrindulari murtziarrak beste bi urtez luzatu du Movistarrekin zeukan kontratua, 2021. urtera arte, hain zuzen ere. Ustez, urte horretan korritzeari utziko dio; izan ere, 2024ra arteko beste kontratu bat sinatu du taldearen egituran lan egiteko.
Eusebio Unzue taldeko arduradunak eta Valverdek Murtzian egin dute agerraldia arratsalde honetan kontratu luzapenaren berri emateko, Txirrindularitzako Espainiako Txapelketak bertan egiten ari baitira.
"Pozarren nago berriztatze honekin. Mundu guztiak daki Movistar Team nire etxea dela. Beti sentitu naiz oso maitatua eta errespetatua hemen, eta oso pozik nago beste bi urtez taldean jarraitzeagatik", azaldu du kirolari murtziarrak.
Valverdek 125 garaipen bereganatu ditu 2002an debutatu zuenetik. Bere palmaresean honako lorpen hauek azaltzen dira, besteak beste: Espainiako Itzuli bat, Munduko Txapelketetan zazpi domina, UCI WorldTourreko lau txapelketa, lau Lieja-Bastogne-Lieja, hiru Flèche Wallone, Kataluniako hiru Volta eta bi Dauphiné. Horrez gain, lau etapa irabazi ditu Frantziako Tourrean, 11 Espainiako Vueltan eta bat Giroan.