Itxi

Txirrindularitza

ERORIKOA

Evenepoel hurrengo denboraldiari begira jarri da, istripuaren ostean

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Pelbisa hautsi zuen Lombardian korritzen ari zela, eta astelehenean eraman zuten Italiatik Belgikara.

  • Evenepoel, en el hospital.

    Evenepoel, en el hospital. Foto: Deceuninck-QuickStep

Remco Evenepoel txirrindulari belgikarrak pelbisa hautsi zuen joan zen larunbatean, Il Lombardia (Italia) lasterketa korritzen ari zela zubi batetik behera erorita. Astelehen honetan, Italiatik Belgikara lekualdatu dute, eta bere herrialdeko ospitaletik grabatutako bideo batean adierazi duenez, datorren denboraldian lehiatzeko "irrikaz" dago dagoeneko.

"Orain ondo nago, eta eskerrak eman nahi dizkiet euren babesa adierazi didaten guztiei. Nire denboraldia, zoritxarrez, amaitu da. Dena den,ez dugu azkarregi ibili nahi, eta denbora guztia dugu itzulera on bat planifikatzeko", azaldu du Evenepoelek Deceuninck-QuickStep taldearen Twitter kontuaren bidez.

Txirrindulari belgikarrak parte hartu duen etapakako itzuli guztiak irabazi ditu aurten, eta baikorra dela eta "datorren denboraldiari ezinegonez" itxaroten diola esan du.

"Poliki joango gara, eta ahal dudan guztia egingo dut inoiz baino indartsuago izateko. Ez dut amore emango ", azpimarratu du.

Evenepoel Comoko (Italia iparraldea) ospitalera eraman zuten joan zen larunbat arratsaldean, zubi batetik erori eta gero.

Lombardiako lasterketaren buruan zegoen, amaieratik 50 bat kilometrora, Sormanoren jaitsieran, bere bizikletaren aurreko gurpilak zubi bateko hormako irtengune baten aurka talka egin zuenean. Zubitik behera joan zen bost bat metro, eta baso gune batean erori.