Itxi

Txirrindularitza

Otsailak 21-27

UAE Tourrarekin hasiko da igandean World Tourra, Pogacar, Nibali eta Froomekin

EITB MEDIA

7 etapa zango dira, horietako 4 gizon azkarrentzat zuzenduta, erlojupeko bat jokatuko da eta bi jardunaldi maldan gora amaituko dira.

  • Pogacar, UAE Tourrean

    Pogacar, UAE Tourrean

2021eko UAE Tourra hurrengo igandean, hilaren 21ean, hasiko da. Arabiar Emirerri Batuetako lasterketa UCI World Tour egutegiko lehengoa izango da eta bertan izen handiko txirrindulari izango dira.

Esaterako, Tadej Pogacar (UAE Emirates), Frantziako Tourreko azken irabazlea, Chris Froome (Israel Start Up Nation) eta Vincenzo Nibali. Pogacar da faborito nagusia garaipena erdiesteko, baina aurrean -Froome eta Nibali sasoian egotea zalantzan dago- Adan Yates britainiarra eta Rigoberto Uran kolonbiarra izan daitezke, besteak beste.

Guztira 20 taldek hartuko dute parte, World Tourreko 19 izango dira irteeran eta Belgikako Alpecin-Fenix; Mathieu Van der Poelen taldea 2020an hobeto geratu zen Profesional taldea izan zen eta ondorioz gonbidapena izan du.

Ibilbidea

Zazpi etapa jokatuko dira 21etik 27ra, 4 egun gizon azkarrentzat aproposak dira (Caleb Ewan, Fernando Gaviria eta Pasca Ackermann faborito), erlojuaren kontra etapa bat egongo da eta bi jardunaldi maldan gora amaituko dira. Iaz bertan behera geratu zen proba bosgarren etapan koronabirusaren pandemia hasi zelako eta aurten protokolo neurri zorrotzak izango dira.

Liderraren lehen maillota esprinter batek jantziko du, tropeleko gizon azkarrenetzako ibilbide aproposa baitu igandeko lehengo etapak. Asteazkenean Al Majarren, Dubain ostiralean eta Abu Dabin larunbatean ere aukera izango dute garaipena esprintean jokatzeko.

Sailkapen nagusia

Sailkapen nagusiko lehia beste kontu bat izango da. Bigarren etapan erlojuaren kontrako banakako lehia dago, 13 kilometrokoa, Al Hudayraten. Ibilbidea laua da, itsasoaren ondoran, bihurgune oso zabalekin, eta kategoria honetan maisu direnek duten onena erakusteko aukera izango dute.

Bi etapa aldapan gora amaituko dira, hirugarrena eta bosgarrena. Aurten lasterketa ez da Hattako urtegira iritsiko, baina Jebel Hafeet (10,8 kilometro % 5,4ko maldarekin) eta Jebel Jais (20,6 kilometro % 5,4ko aldaparekin) igoko dira. Bi igoera horiek erabakiko dute sailkapen nagusiko lehia.

 

Eguna Etapa Ibilbidea Kilometroak
       
21 1 Al Ruwais - Al Mirfa 177
       
22 2 Al Hudayriat Island - Al Hudayriat Island 13 (CRI)
       
23 3 Al Ain - Jebel Hafeet 166
       
24 4 Al Marjan Island - Al Marjan Island 204
       
25 5 Fujairah - Jebel Jais 170
       
26 6 Palm Jumeirah 168
       
27 7 Yas Marina - Abu Dabi Breakwater  147