Itxi

Txirrindularitza

Apirilaren 7tik 14ra

Roglic eta Geoghegan Hart, Paris-Nizarako hautagai nagusien artean

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Lasterketa igandean hasiko da, eta zuzenean jarraitu ahal izango da ETB1en eta eitb.eus-en.

  • Primoz Roglic

    Primoz Roglic. Argazkia: EFE

Paris-Niza apirilaren 7tik 14ra bitartean jokatuko da, eta antolatzaileek astelehen honetan baieztatu dutenez, bertan izango dira Primoz Roglic eta Tao Geoghegan Hart; hartara, lasterketako sailkapen nagusi bereganatzeko hautagai nagusietako bi izango dira.

Aurtengo edizioak zortzi etapa izango ditu, horietako hiru mendate gainean amaituko dira eta erlojupeko bat izango du. Txirrindulariek 1.239 kilometroko distantzia bete beharko dituzte Saint-Cyr-L'École eta Niza arteko ibilbidea osatzeko.

Hasteko, hainbat aldapaz jositako lehen etapa izango da (166 kilometro), Saint-Cyr-L 'Écolen hasi eta amaituko dena. Bigarren etapan eta bosgarrenean esprinterrentzako aukerak egongo dira, besteak beste, Sam Bennett, Michael Matthews, John Degenkolb, Giacomo Nizzolo, Nacer Bouhanni eta Bryan Coquard.

Sailkapen nagusiko borroka hirugarren etapan hasiko da, 14,4 kilometroko bakarkako erlojupekoarekin, maldan gora amaituko dena. Hurrengo egunean, gorabeherez jositako jardunaldia izango da. Denetara zazpi mendateri egin beharko diote aurre, eta 1. mailako gain batean egongo da helmuga (Chiroubles).

Etapa nagusia zazpigarrena eta azken-aurrekoa izan daiteke. 166,5 kilometroko ibilbideak Niza eta Valdeblore La Colmiane mendatea lotuko ditu. 1. mailakoa da, 16 kilometro ditu, batez besteko % 6,2ko maldekin. Gainera, jardunaldiaren hasieran, 1. Mailako beste gain bat igoko dute parte-hartzaileek: Col de Vence.

Faboritoen artean, Primoz Roglic (Jumbo-Visma) Espainiako Vueltako egungo txapelduna eta Tao Geoghegan Hart (Ineos Grenadiers) Italiako Giroko egungo txapelduna, egongo dira, eta horiekin batera badira beste izen nagusi batzuk ere, besteak beste, aurreko denboraldiko Paris-Niza irabazi zuen Max Schachmann (Bora-Hansgrohe) edota Jai Hindley (DSM) australiar gaztea, ezustekoa ematen saiatuko dena.

Lasterketa datorren igandean hasiko da, eta zuzenean jarraitu ahal izango da ETB1en eta eitb.eus-en.