Itxi

Txirrindularitza

Tirreno-Adriatikoa (3. etapa)

Van der Poelek lortu du etapa garaipena eta Van Aertek lidergoari eutsi dio

A. B. | EITB Media

Mathieu Van der Poelek irabazi du Tirreno-Adriatikoa lasterketako hirugarren etapa, azken metroetan Wout Van Aert liderra mendean hartuta. Mikel Landa sailkapen nagusiko laugarren postuan da.

1:45
Van der Poel

Mathieu Van der Poelek (Alpecin-Fenix) irabazi du Tirreno-Adriatikoa lasterketako hirugarren etapa, Monticiano eta Gualdo Tadino (219 kilometro) artekoa. Wout Van Aertek (Jumbo Visma) lidergoari eutsi dio.

Lasterketa irabazteko faboritoen arteko esprintak erabaki du etapako irabazlea. Amaierako metroetan Van der Poel izan da azkarrena, eta besoak gurutzatuta zeharkatu du helmuga. Van Aert izan da bigarren eta Davide Ballerini (Deceuninck-Quick Step) hirugarren. Sergio Higuita (EF Nippo) ere garaipena lortzeko lehian ibili da, baina laugarren postuan amaitu du.

Sailkapen nagusiko lehen postuan jarraitzen du Wout Van Aertek. Liderrak, lau segundoko abantaila du Van der Poelekiko, eta hamar segundo ateratzen dizkio Julian Alaphilipperi (Deceuninck-Quick Step). Mikel Landa (Bahrain-Victorious) laugarren da, liderrarengandik 19 segundora.