Itxi

Txirrindularitza

Udaberriko klasikak

Paris-Roubaix eta Amstel Gold Race lasterketek datak trukatuko dituzte 2022an

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Hala, datorren denboraldian Frantziako proba apirilaren 17an jokatuko da, eta garagardoaren lasterketa, berriz, apirilaren 10ean.

  • Philip Gilbert, Paris-Roubaix lasterketako 2019ko ekitaldiko irabazlea.

    Philip Gilbert, Paris-Roubaix lasterketako 2019ko ekitaldiko irabazlea. Argazkia: EFE

Paris-Roubaix eta Amstel Gold Race klasikoek trukatu egingo dituzte euren datak 2022an. Izan ere, Frantziako lasterketa apirilaren 10ean jokatzekoa bazen ere, egun horretan bertan Frantziako presidentetzarako hauteskundeak izango dira, eta ekitaldi biak egun berean egin ez daitezen, Paris-Roubaixeko antolatzaileek lasterketa astebetez atzeratzea erabaki dute, apirilaren 17ra arte, hain zuzen ere.

Ondorioz, apirilaren 17an korritu behar zen Amstel Gold Race Herbehereetako lasterketak hartuko du 'Klasikoen Erregina'ren lekua apirilaren 10ean, Paris-Roubaix lasterketaren antolatzaileek asteazken honetan ohar baten bidez jakinarazi dutenez.

2020an bertan behera geratu ondoren, 2021eko Paris-Roubaix klasikoa igande honetan, urriaren 3an, lehiatuko da azkenik, apirilean egitekoa baitzen, baina atzeratu egin zuten. Hala, gizonezkoen lasterketari dagokionez, 257 kilometro eta galtzada-harriko 30 tarteri egin beharko diete aurre parte-hartzaileek.

Horrez gain, egun bat lehenago, larunbatean, emakumezkoen lasterketaren lehen edizioa jokatuko da 116,4 kilometroko ibilbidean zehar.

Igandeko lasterketa zuzenean ikusi ahal izango da ETBn (ETB1en eta ETB4n) eta eitb.eus-en.