Itxi

Txirrindularitza

Istripua

Egan Bernalek alta jaso du eta errekuperazio prozesuaren hurrengo faseari ekingo dio

Agentzaik | EITB MEDIA

“Bizitza galtzear izan naiz, baina ba al dakizue zer? Jainkoari eskerrak ematen dizkiot ni proban jarri izanagatik”, adierazi du urtarrilaren 24an geldirik zegoen autobus baten kontra izandako istripuari erreferentzia eginez.

  • Egan Bernal, alta jaso ostean

    Egan Bernal, alta jaso ostean. Argazkia: Efe.

Egan Bernal kolonbiarrak alta jaso du igande honetan eta bere errekuperazio prozesuarekin jarraituko du, baina ospitaleratuta egon gabe. Bernalek istripu larria izan zuen iragan urtarrilaren 24an, Bogota inguruko errepide batean entrenatzen ari zela, eta bizitza galtzear izan zen.

"Oso pozuk gaude pazienteari alta eman diogulako eta bere errekuperazio prozesuarekin ospitaleratuta egon gabe jarraitu ahal izango duelako", adierazi dute La Sabana Klinikatik. Bertan zenbait ebakuntza egin dizkiote Bernali, istripuan izandako lesioak sendatzen laguntzeko.

Medikuen txostenaren arabera, Italiako Giroko egungo txapelduna "traumaren hirugarren fasean da, errehabilitazio prozesuarekin hasteko prest. Ez du konplikaziorik agertu eta lesio guztiak egonkortu zaizkio, errekuperazio prozesuari jarraituta".

Ostegunean, 2019ko Frantziako Tourreko irabazleak sare sozialetan adierazi zuen "ia 20 hezur hautsita" zituela, eta "azken ebakuntza garrantzitsua" egin berri ziotela. "Antza denez, dena ondo atera da", gaineratu zuen.

Lesioak

Txirrindulariak istripuan izandako lesioen zerrenda egin zuen: "11 saihets. Izterrezurra. Belaunezurra. T5-T6. Odontoidesa. Metakarpo-hezurra. Hatz lodia. Hagin bat. Zuloak bi birikietan."

Bizitza galtzear izan naiz, baina ba al dakizue zer? Jainkoari eskerrak ematen dizkiot ni proban jarri izanagatik", esan du kolonbiarrak, eskuekin keinuak eginez, eta azkenik, esan du. "Orain sendatzera eta beste behin I'M BACK!! And let's rock esatera".