Txirrindularitza
Fitxaketa
Euskaltel-Euskadik Xabier Berasategi fitxatu du 2023rako
EITB MEDIA
21 urte ditu, Olaberriakoa da eta Laboral Kutxa taldetik iritsiko da talde laranjara, hau da, Euskadi Fundazioaren egiturako 23 urtez azpiko filialetik.
-
Xabier Berasategi Laboral Kutxa taldetik iritsiko da Euskaltel-Euskadira. Argazkia: @euskaltelteam.
Euskaltel-Euskadik Xabier Berasategi gipuzkoar txirrindulari gaztea fitxatu du bi denboraldirako. Berasategik 21 urte ditu, Olaberrikoa da, eta Laboral Kutxa taldetik iritsiko da talde laranjara, hau da, Euskadi Fundazioaren egiturako 23 urtez azpiko filialetik.
2022an, orain arte, aurreko urtean Euskaldun Txapelketan lortutako garaipena berretsi du Colindresen, Beasainen eta Markinan irabazita. Hainbat aldiz sailkatu da lehenengo hiru postuetan, Nafarroako Itzulian laugarren egin du, Valenciaga Memorialean bederatzigarren sailkatua izan zen, eta 23 urtez azpiko Italiako Giroan 25. postuan amaitu zuen.
"Ilusio handia egiten dit etxeko taldearekin igotzeak profesionaletara. Guztiok dugu ametsa, txikitatik, maillot laranja hau janzteko, eta oso pozik nago. Lau urte eman ditut Laboral Kutxan, eta helburua beti izan da hobera egitea, urtetik urtera, txirrindulari gisa; azkenean, heldu da aukera", nabarmendu du Berasategik.
Bere aldetik, Euskaltel-Euskadiko kirol-arduradun Jorge Azanzak adierazi du txirrindulari gipuzkoarra "heldu egin dela" urte hauetan, eta aurten "kalitatezko aurrerapausoa eman duela, garaipenak eta ohorezko hainbat postu lortuz".
"Erregularra da, eta amaiera ona du. Uste dugu ondo egokitu ahal dela txirrindularitza profesionalera. Mutil oso lasaia da, eta Euskadi Fundazioaren proiektuari eta filosofiari oso ondo egokitzen zaielakoan gaude", azpimarratu du Azanzak.