Itxi

Txirrindularitza

ESPAINIAKO VUELTA (16. ETAPA)

Pedersenek bigarren garaipena lortu du, eta Roglicek 8 segundo murriztu dizkio Evenepoeli erorikoa izan arren

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Esloveniarrak eroriko gogorra izan du esprintean, azken kilometroetan egindako erasoaren ondoren.

  • Pedersen garaipena ospatze Roglicek bere bizikleta atzealdean jasotzen duen bitartean.

    Pedersen garaipena ospatze Roglicek bere bizikleta atzealdean jasotzen duen bitartean. Argazkia: EFE

Mads Pedersen danimarkarrak (Trek Segafredo) irabazi du Espainiako Vueltako hamaseigarren etapa, Sanlúcar de Barrameda (Cadiz) eta Tomares (Sevilla) artean (189 kilometro) jokatu dena. Primoz Roglicek eroriko gogorra izan du azken metroetan eta Remco Evenepoel belgikarrak elastiko gorriari eutsi dio.

Pedersenek bost txirrindulariren arteko esprintean lortu du garaipena, Pascal Ackerman alemaniarra (UAE) eta Danny van Poppel nederlandarra (Bora Hansgrohe) gaindituta. Lehenengo taldea 8 segundora iritsi da, Roglic lurrean etzanda zegoela, eroriko ikusgarria izan ondoren.

Esloveniarrak erasoa jo du ia 3 kilometroren faltan, igoera txiki bat aprobetxatuta, etaparen eta helmugako denbora gain-sariaren bila. Vuelta hiru aldiz irabazi duen txirrindulariari hainbat esprinter itsatsi zaizkio: Pedersen, Ackerman, Van Poppel eta Fred Wright.

Iheskide txarrak Roglicentzat garaipenaren bila saiatzeko, baina ez liderrari denbora sartzen saiatzeko. Esloveniarrak, ordea, Wright ukitu du esprintatzen ari zela eta lurrera erori da.

Roglicek erorikoa izan duen unea. Argazkia: EFE

Roglicek erorikoa izan duen unea. Argazkia: EFE

Remco Evenepoel liderra irabazlearengandik 3 minutu baino gehiagora iritsi da helmugara, azken 3 kilometroetan izandako matxura baten ondorioz, baina lehen talde jazarlearen denbora bera aitortu diote epaileek, eta lidergoari eutsi dio.

Orain 1:26 minutuko aldea dauka Roglicekiko eta 2:01ekoa Enric Masekiko, bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Laugarren postua Juan Ayusorena da, 4:49ra eta bosgarrena, Carlos Rodriguezeena, 5:16ra.

Eguneko beste bi protagonistak Ander Okamika (Burgos-BH), Lekeitioko txirrindularia, eta Luis Angel Maté (Euskaltel-Euskadi) izan dira. Etapa hasieratik izan dira ihes eginda eta 14 kilometro falta zirela harrapatu ditu tropelak.

Ander Okamika eta Luis Ángel Maté. Argazkia: EFE

Ander Okamika eta Luis Ángel Maté. Argazkia: EFE

Asteazken honetan, hamazazpigarren etapak Aracenatik (Huelva) Tentudiako Monasteriora (Badajoz) eramango du tropela, 162,3 kilometroko ibilbidea beteta.

ETAPAREN SAILKAPENA:

1 - PEDERSEN Mads (Trek) 4:45:29

2 - ACKERMANN Pascal (UAE) d.b.

3 - VAN POPPEL Danny (BORA) d.b.

4 - WRIGHT Fred (Bahrain) d.b.

5 - PACHER Quentin (Groupama) +0:08

6 - BATTISTELLA Samuele (Astana) d.b.

7 - BEULLENS Cedric (Lotto) d.b.

8 - RUSSO Clément (Arkéa) d.b.

9 - EZQUERRA Jesús (Burgos-BH) d.b.

10 - VAN DEN BERG Julius (EF Education) d.b.

SAILKAPEN NAGUSIA:

1 - EVENEPOEL Remco (Quick-Step) 61:26:26

2 - ROGLIC Primož (Jumbo) +1:26

3 - MAS Enric (Movistar) +2:01

4 - AYUSO Juan (UAE) +4:49

5 - RODRÍGUEZ Carlos (INEOS) +5:16

6 - LÓPEZ Miguel Ángel (Astana) +5:24

7 - ALMEIDA João (UAE) +7:00

8 - ARENSMAN Thymen (DSM) +7:05

9 - O'CONNOR Ben (AG2R) +8:57

10 - HINDLEY Jai (BORA) +11:36