Itxi

Txirrindularitza

Gertakaria

Van der Poelek istilua izan du bi neraberekin, atxilotu egin dute eta Mundialeko errepideko proba utzi du

EITB Media

Mathieu Van der Poel herbeheretarrak istilua izan du hotelean lo egiten uzten ez zioten bi neraberekin, eta poliziak atxilotu egin du. Munduko Txapelketako errepideko probari ekin dio, baina utzi egin du lehen kilometroetan.

  • Mathieu Van der Poel

    Mathieu Van der Poel, Italiako Giroan. Argazkia: EFE

Mathieu Van der Poelek Australian egin den Munduko Txapelketako errepideko proba utzi du igande honetan (irailak 25), goizaldean nerabe birekin hotelean istilua izan eta poliziak atxilotu ostean.

Besteak beste, Flandriako Tourra birritan, Amstel Gold Race eta Strade Bianche irabazi dituen Van der Poelek (Kepellen, 27 urte) istilua izan du hotelean bi neraberekin, bere gelako atea jotzen ari baitziren eta ez baitzioten atseden hartzen uzten, jakinarazi du Sporza kateak. Ustez, txirrindulariak bi nerabeak kolpatu ditu, eta poliziak atxilotu egin du.

"Irailaren 24ko gaueko 22:40ak aldera, The Grand Parade hotelean ostatu hartuta zegoen gizon batek 13 eta 14 urteko bi neraberekin istilua izan du", adierazi du Hegoaldeko Gales Berriko Poliziaren komunikatuak, VeloNewsek publikatutakoaren arabera. Komunikatuan azaltzen denez, Van der Poelek bultza egin zien bi nerabeei, bat lurrera erori zelarik, eta, bestea horma baten aurka jo zen ukondoan zauri bat eragin ziolarik. Hoteleko gerentziak poliziari dei egin zion, eta St Georgeko polizia-agenteak bertara joan ziren txirrindularia atxilotzeko.

"Kogaraheko poliziaren komisariara eraman dute Mathieu Van der Poel, eraso arrunteko bi kargugatik akusatuta. Behin behineko fidantzapean aske geratu da, irailaren 27an, asteartean, Sutherlandeko Tokiko Epaitegian agertzeko baldintzarekin", gaineratu du komunikatuak. 

Poliziak aske utzi zuen Van der Poel eta txirrindularia The Grand Parade hotelera itzuli zen goizaldeko 4retan. Herbeheretarrak ez zuen behar bezala atseden hartu eta Munduko Txapelketako errepideko proba utzi du hasierako kilometroetan.