Itxi

Txirrindularitza

FITXAKETA BERRIAK

Laboral Kutxak Marta Romeu eta Lija Laizane txirrindulariak fitxatu ditu 2023rako

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Valentziarra eta letoniarra datorren denboraldian hasiko dira euskal taldearekin leihatzen. Pozez eta ilusio handiz hartu dute erronka berria.

  • Marta Romeu

    Marta Romeu. Argazkia: LABORALKUTXATeam

Laboral Kutxa txirrindularitza taldeak Marta Romeu valentziarra eta Lija Laizane letoniarra fitxatu ditu 2023rako. Modu honetan, Euskadi Fundazioaren emakumezkoen taldeak dagoeneko 15 txirrindulari ditu datorren denboraldirako.

Marta Romeu mendiko bizikletako probetan lehiatu da batez ere, eta orain errepideko lasterketetan parte hartuko du. Team Farto taldetik dator, eta 2022an 12. izan zen Espainiako Txapelketan eta 14. Graveleko Munduko Txapelketan.

Bestalde, Lija Laizanek hamar urteko esperientzia du maila goreneko txapelketetan, talde italiarretan eta azken denboraldietan Eneicaten ibilita. Hamar aldiz izan da Letoniako txapeldun, bost bider errepideko probetan eta beste bost aldiz erlojupekoan. 16. izan zen Graveleko Munduko Txapelketan.

Ion Lazkano Laboral Kutxako kirol arduradunak horrela hitz egin du taldeak egin dituen fitxaketa berrietaz: "Bi txirrindulariak heldutasun puntu batekin datoz, eta uste dut hori garrantzitsua dela honelako proiektu batean. Lijak urteak daramatza UCI mailan; edozein eratako probetara egokitzen den txirrindularia da, erasokorra eta protagonista izaten eta bere burua agerian uzten saiatzen dena. Marta, berriz, berria da errepideko txirrindularitzan, mendiko bizikletatetako probetatik baitator; uste dugu taldeari ekarpen nabarmena emango diola".

Halaber, Marta Romeuk adierazi du gogotsu eta ilusio askorekin dagoela. "Taldekideengandik eta zuzendaritzarengandik asko ikasteko aukera izango dut segurta ematen didatelako. Aurten ehuneko hirurehuna emango dut", esan du.

Lija Laizanek ere nabarmendu du "oso pozik" dagoela Laboral Kutxaren proiektuarekin: "Pozik nago datorren urtean hain pertsona profesionalekin lan egingo dudalako. Uste dut oso talde indartsua garela eta elkarrekin helburu guztiak lor ditzakegula. Laguntzeko prest nago. Nire helburua haztea da, emaitzarik onenak lortzea eta taldeari laguntzea".