Itxi

Txirrindularitza

ASTEBURU HONETAN

Laboral Kutxa txirrindularitza taldea Normandian eta Italian lehiatuko da asteburuan

EITB MEDIA

Normandiako Tourra, Frantzian, ostiraletik igandera izango da, eta Alfredo Binda Saria, Women 's World Tourrekoa, Italian, igandean.

  • Laboral Kutxa Tour Alfredo Binda Tourran

    Laboral Kutxa Tour Alfredo Binda Tourran. Argazkia: @LABORALkTeam

Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa nazioarteko mailako bi probetan parte hartuko du asteburu honetan: Normandiako Tourra jokatuko du ostiraletik igandera, eta Italiako Women's World Tourreko Alfredo Binda Saria igandean.

Euskal taldeak jakinarazi duenez, Idoia Eraso, Lija Laizane, Usoa Ostolaza, Marta Romeu, Tania Calvo eta Alba Teruel Normandiako lasterketan izango dira. Hiru etapa izango dira eta 22 taldek hartuko dute parte, World Tourreko hainbaten parte hartzearekin. Ibilbideak ez du mendate handirik, baina bai kota ugari eta ibilbide bihurgunetsua egunero.

Taldeko beste txirrindulari batzuk Alfredo Binda-Comune di Cittiglio sarian lehiatuko dira igandean, eta Women's World Tourreko hirugarren proba izango da taldearentzat (UAE Tourrean eta Strade Bianchen lehiatu osetan). Yurani Blanco, Ariana Gilabert, Nadia Quagliotto, Laura Rodriguez, Aileen Schweikart eta Eneritz Vadillo izango dira irteeran. Lasterketa azken zirkuituan erabakiko da, Casale (800 metro %7an) eta Orino (3,9 km %3,9an) igoerekin. Guztira, 139 kilometro izango dira Maccagno con Pino e Veddascatik Cittigliora.

Ion Lazkano Laboral Kutxako kirol arduradunaren hitzetan, "bi lasterketetan gure lekua bilatuko dugu. Frantzian, ihesaldietan protagonista izatea espero dugu, eta top hamar bat egiten saiatuko gara. Italian, berriz, goi mailakoa den arren, gure helburua probaren lehen erdian protagonismoa izatea da, eta uste dut postu duina lor dezakegula Aileenekin. Zalantzarik gabe, maila guztietan ikasten eta hazten jarraitzeko beste bi proba dira".