Itxi

Txirrindularitza

2. etapa

Vos da Espainiako Itzuliko lider berria, etapa Koolen aurkako esprintean galdu arren

Agentziak | Erredakzioa

Asteazkenean, beste aukera bat izango dute esprinterrek, 158 kilometroko ibilbide laua duen hirugarren etapan.

5:43
Kool, etapa garaipena ospatzen

Charlotte Kool herbeheretarrak (Team DSM) irabazi du Espainiako Itzuliko bigarren etapa, esprintean. Ibilbideak 105,8 kilometro izan ditu, Orihuela eta Pilar de Horadada udalerrien artean. Marianne Vos (Jumbo-Visma) herrikidea bigarren izan da, eta sailkapen nagusiko lider berria da.

Lehenengo eguneko taldekako erlojuaren kontrako lehen etaparen ostean jokatutako jardunaldiak hasiera gorabeheratsua izan du, 4. kilometroan erorikoa izan baita. Besteak beste, Aude Biannic (Movistar Team) eta Anna Kiesenhofer (Israel Premier Tech-Roland) erori dira.

Horren ostean, txirrindulari batzuk eguneko ihesaldia osatzen saiatu dira, baina saioak ez du aurrera egin eta tropela osorik iritsi da etapako azken kilometroetara.

Chloe Dygert (Canyon/SRAM Racing) estatubatuarrak erasoa jo du helmugarako 500 metrora, eta garaipena lortzear izan da, baina Koolek eta Vosek harrapatu egin dute. Azken bi horien arteko lehia Koolek irabazi du, 2023ko bere hirugarren garaipena lortzeko.

Vosi dagokionez, bera jarri da lider, Anna Henderson lehen postutik aterata. Ondoren, Dygert dago, segundo batera, eta hirugarren Markus, bi segundora.

Asteazkenean, hirugarren etapa korrituko dute, esprinterrentzat egokia, 158 kilometroko ibilbide laua baitu, Elche de la Sierra eta La Roda artean.

ETAPAKO SAILKAPENA

1 - KOOL, Charlotte (DSM) 2:41:27

2 - VOS, Marianne (Jumbo-Visma) d.b.

3 - DYGERT, Chloe (Canyon) d.b.

4 - VAS, Blanka (SD) d.b.

5 - BARBIERI, Rachele (Liv Racing) d.b.

6 - TERUEL, Alba (Euskadi) d.b.

7 - VOLLERING, Demi (SD) d.b.

8 - KESSLER, Nina (Jayco) d.b.

9 - HENDERSON, Anna (Jumbo) d.b.

10 - COPPONI, Clara (FDJ) - SUEZ d.b.

SAILKAPEN NAGUSIA

1 - VOS, Marianne (Jumbo) 2:59:24

2 - DYGERT, Chloe (Canyon) + 0:01

3 - MARKUS, Riejanne (Jumbo) + 0:02

4 - HENDERSON, Anna (Jumbo) +0:06

5 - KRAAK, Amber (Jumbo) d.b.

6 - NIEWIADOMA, Katarzyna (Canyon) + 0:07

7 - CHABBEY, Elise (Canyon) d.b.

8 - BAUERNFEIND, Ricarda (Canyon) d.b.

9 - SPRATT, Amanda (Trek) + 0:15

10 - SKALNIAK-SÓJKA, Agnieszka (Canyon) d.b.