Itxi

Txirrindularitza

Espainiako Txapelketa

Eneritz Vadillo da 23 urtez azpiko errepideko probako Espainiako txapelduna eta Idoia Eraso txapeldunordea

A. B. E. | EITB Media

Eneritz Vadillo Gorlizko txirrindularia nagusitu da 23 urtez azpiko mailako errepideko proban eta txapeldunaren elastikoa jantziko du datorren urte guztian zehar. Iruñeko Idoia Eraso izan da bigarren. Elite mailan, ordea, Mavi Garcia izan da onena.

  • Eneritz Vadillo, Idoia Eraso eta Susana Perez

    Eneritz Vadillo (irabazlea), Idoia Eraso (2.a) eta Susana Perez (3.a). Argazkia: @RFECiclismo

Eneritz Vadillo (Laboral Kutxa-Fundacion Euskadi) da 23 urtez azpiko mailako 2023ko errepideko Espainiako txapelduna, larunbat honetan, ekainaren 24an, San Lorenzo de El Escorialen hasi eta amaitutako122,6 kilometroko ibilbidean onena izan ostean. Bigarren postua beste euskal txirrindulari batentzat izan da; hain zuzen ere, Idoia Eraso erlojupeko Espainiako txapeldunarentzat.

Vadillo gorliztarrak hiru ordu 12 minutu eta 56 segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko, eta garaipena bereganatu du nagusitasunez bere mailan. Helmuga gurutzatzen bigarrena izan da Idoia Eraso iruindarra, txapeldunarekiko minutu bat eta bost segundora. Erasok amaiera bikaina eman dio Espainiako Txapelketari, erlojupekoan txapeldun izan baitzen, eta errepideko proban zilarrezko domina lortu baitu. Podiuma Susana Perezek osatu du, helmuga hirugarren postuan gurutzatuta Vadillorekiko minutu bat eta 56 segundora.

Bestalde, Mavi Garcia (Liv Racing TeqFind) da elite mailako errepideko Espainiako txapelduna. Mallorcakoa jaun eta jabe izan da hasieratik amaieraraino eta bost Espainiako errepideko titulu ditu jada bere palmaresean. Sara Martin (Movistar) izan da bigarren eta  Mireia Benito (AG Insurance - Soudal Quick-Step) hirugarren, Garciarekiko 51 segundora. Maila gorenean Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa Fundacion EUskadi) izan da euskal txirrindulari onena; seigarren amaitu du, garailearekiko sei minutu eta 37 segundora.