Itxi

Txirrindularitza

78. edizioa

Jon Izagirre, Giulio Ciccone eta Juan Ayuso, Frantziako Tourraren zaporea duen Getxoko Zirkuituan

Agentziak | EITB MEDIA

Tourreko lehen etapan protagonista izan zen Pike gaina bi aldiz igoko dute 193,3 kilometroko ibilbidean.

  • Txirrindulariak, lasterketa batean

    Txirrindulariak, lasterketa batean. Argazkia: Efe.

Frantziako Tourraren zaporea izango du 2023ko Getxoko Zirkuituak. Pike gaina bi aldiz igoko dute txirrindulariek eta Juan Ayuso 2022ko irabazlea ere bertan izango da, Tourretik datozen Ion Izagirre eta Giulio Cicconerekin batera.

Lasterketa ETB1ek eta eitb.eusek zuzenean emango dute.

78. edizioak 193,3 kilometroko ibilbidea izango du, sei mendate puntuagarrirekin. Bilbotik aterako dira, Guggenheim museotik, lasterketan parte hartuko duten 18 taldeak, horietariko sei 'World Tour' mailakoak.

Ayusok izango dituen aurkari nagusien artean, Giulio Ciccone (Lidl-Trek) Frantziako Tourreko mendiko sailkapeneko eta etapa baten irabazlea izango da.

Jon Izagirre (Cofidis) ere irteeran izango da. Gipuzkoarrak etapa bat irabazi zuen bukatu berri den Frantziako Tourrean. Oier Lazkanok ere parte hartuko du; hain zuzen, Lazkano eta Ayuso nor baino nor gehiago aritu ziren Ordiziako klasikoan eta biak azken kilometroan erori ziren.  Bora taldeko Maximilian Schachmann eta Alexandre Vlasov dira aipatzeko beste izen batzuk.

Aipatutako taldeekin batera beste talde batzuk ere lehiatuko dira Getxon: Euskaltel-Euskadi, Caja Rural, Kern Pharma eta Burgos-BH, Eolo Kometa (Italia), Human Powered Health (AEB) eta Total Energies (Frantzia); eta kontinental mailako Electro Hiper Europa, JCL Team Urkyo (Japonia), Sicasal (Angola), Global 6 (Zeelanda Berria) et Victoria Sports (Filipinak).

Lasterketa amaitzeko, 23 kilometroko zirkuituari zazpi itzuli emango dizkiote Arkotxako horman amaitzeko: 800 metroko aldapa da, % 14ko desnibeleko tarteekin.